Oposizioko kideek, berriz, agintariaren dimisioa eskatzen dute gero eta ozenago. Bozetan irregulartasunak izan zirela salatu eta protestak abiatu zituzten hegoaldean hilaren hasieran. Jalal-Abad eta Osh hirien kontrola hartu ondoren hiribururako bidean dira orain. Talas eskualdera iritsi ziren atzo. «Bishkek da gure hurrengo jomuga. Presidentearen jauregia. Herrialdearen erdia kontrolatu nahi dugu», adierazi zuen Ata-Jurt alderdiko buruzagi Rosa Otunbaievak. Batasun Nazionalerako Kontseiluko buruzagi Kurmanbek Bakievek hegoaldean «autonomia» aldarrikatuko dutela ohartarazi zuen: «Gobernuak jarrera aldatu ezean independentzia aldarrikatuko dugu».Herritarren matxinada ezin dela «indarrez» amaitu iritzi zion presidenteak: «Arazo guztiak bide politikoa baliatuz gainditu behar dira, hau da, negoziazioen bidez. Inoiz ez dut onartuko kolore iraultza bat izatea». Oposizioko kideei, ildo horretan, negoziatu nahi ez izatea leporatu zien Akaievek.Semaforoetan gorritik berdera pasatzeko bitartea islatzen duen kolorea aukeratu du oposizioak iraultzari kolorea jartzeko, horia, alegia. Jalal-Abad, Osh eta Talasen jada kolore horiko banderak jarri dituzte eraikinetan. Poliziaren eta oposizioko indarren artean borrokak izan dira tartean. Jalal-Abaden izandako borroketan gutxienez hamar pertsona hil zituztela salatu zuten herenegun oposizioko kideek. Agintariek datu hori ukatu baina poliziako iturriek, berriz, berretsi egin zuten. Kirgizistango Hauteskunde Batzordeko presidente Sueliman Imanbaievek, bien bitartean, bozen emaitzak balioztatu zituen atzo: «Legebiltzar berri bat jaiotzen da gaur. Lanean lehen bai lehen hastea komeni da egonkortasuna berreskuratzeko. Indarrean dagoen legearen arabera ari gara lanean eta ez politikoen aginduetara». Legebiltzarrerako bozetan otsailaren 27an eta martxoaren 13an egin ziren oposizioak ordezkarien %10 baino ez zuen lortu. Barruti batean soilik errepikatuko direla bozak gaineratu zuen Imanbaievek. Besteetan auzitegiek erabakiko dute bozen zilegitasuna.ESKE Europako Segurtasunerako eta Kooperaziorako Erakundeko eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako begiraleak hauteskundeetan «irregulartasunak» izan zirela jakinarazi zuten. Presidentearen arabera, ordea, ezin dira bozen zilegitasuna zalantzan jarri «soilik barruti bakan batzuetan irregulartasunak egon zirelako». Emaitzak «apelaezinak» direla gaineratu zuen.
Herri pobrea eta toki estrategikoa
Asia erdialdeko herrialderik pobreenetakoa da Kirgizistan. Herritarren erdiak muturreko pobrezian bizi dira. Mendiz inguratuta dagoen herrialde txikia eta nekazaria da eta oposizioko kideak landa eremuko herritarren sostengua lortu dute. Munduko potentzia handientzat, baina, leku estrategikoan dago. Moskuk aire base bat ezarri ahal izan zuen bertan herrialdeari 250 milioi dolarreko zorra barkatzearen truke. Washingtonek ere beste base militar bat ezarri zuen bertan mila soldadu ditu Manasen. Afganistango gerran ezinbesteko sostengua eman zieten bertatik soldaduei.
Askar Akaiev presidenteak herrialdean atzerriko indarren «itzala» dagoela iradoki zuen: «Atzerriko taldeak finantzatzen ari dira oposizioa». Abdil Segisbaiev bozeramaileak estatu kolpe saiakeraz mintzatu zen atzo: «Hirugarren indar horren ekintzak ondo antolatuta daude. Hegoaldearen kontrola eurek hartu dute bere gain eta ez oposizioak. Agintea eskuratunahi duten kriminalak dira».Presidenteari, ordea, udazkenean egingo diren presidentetzarako bozak prestatzen ari izana leporatzen diote. Bera ezin izango da aurkeztu baina bere alaba, semea eta bi koinatu aurkeztuko dira. Oposizioak, ildo horretan, legebiltzarrerako bozak errepikatzea aldarrikatzeaz gain presidentetzarakoak aurreratzeko eskatzen ari da.
-
Kronologia
Urtarrilaren 8a: Oposizioa koalizio batean bildu eta zerrendako hainbat hautagai baztertu zituzten agintariek.Otsailaren 27a: Legebiltzarrerako bozen aurreneko txanda egin zuten. Oposizioak irregulartasunak salatu eta protestak egingo zituela ohartarazi zuen.
Martxoak 1: Manifestazioak hasi ziren hegoaldean.
Martxoaren 13a: Bozen bigarren txanda egin zuten. Oposizioak berriz ere irregulartasunak salatu eta bozak errepikatzea aldarrikatu zuen.
Martxoaren 14a: Protestak areagotu egin ziren.
Martxoaren 16a: Askar Akaiev presidenteak gerra zibila piztu nahi izatea leporatu zion oposizioari.
Martxoaren 21a: Jalal-Abad eta Osh hirien kontrola bereganatu zuten oposizioko kideek. Hiribururako bidean jarri ziren.