Kenyan beste pauso bat eman dute demokrazian. Konstituzio berri bat idazteko herenegun eginiko erreferendumean baiezkoak irabazi duela adierazi dute Mwai Kibaki presidenteak eta Radila Odinga lehen ministroak. Hauteskunde Batzordearen arabera, parte-hartzea %50etik gorakoa izan da, eta Nairobin, hiriburuan, %60koa. Hautesleen ia %70ek eman dute baiezkoa. Bozkatzeko izena eman duten 12,5 milioi lagunetatik zortzi milioik eman dute botoa. Kenyako Goi Mailako Hezkuntza ministro William Ruto ezezkoaren aldeko kanpainako buruak porrota onartu du.
Konstituzio berriak presidentearen boterea murriztu egingo du. Senatua sortuko dute, Parlamentuaren goi ganbera eginkizuna betetzeko. Eskualdeek eskumen gehiago izango dituzte. Lur publikoa kudeatzeko batzorde bat sortuko dute.
Horretaz gain, lurren jabetza berrikusi egingo dute. Aldaketa horren helburua legez kanpo eskuratutako lurrak aurreko jabeei itzultzea da.
Konstituzioak emakumeen eskubideen alde ere egiten du. Erditzean hiltzeko arriskua izan dezaketen emakumeei abortatzeko eskubidea ematen die, eta jabetza pribatua izateko gizonen eskubide berbera izango dute. Erabaki hori oinordetza kasuetan erabiliko dute, adibidez.
Halaber, kadi-ak (musulmanen arteko auzi familiarrak konpontzeko islamiar auzitegiak) mantenduko dituzte, nahiz eta erreforman baiezkoaren alde bozkatu duten asko auzitegi horiek desagertzearen aldekoak izan.
Konstituzioak 1963an idatzitakoa ordezkatuko du. Urte hartan Kenyak Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuen. Garai hartan alderdi bat bakarrik zegoen, eta presidenteak botere handia zeukan. Nazioarteko adituek erreferendumaren aurretik Konstituzioa aldatzeko beharra azpimarratu izan dute.
Eztabaida
Konstituzio berriak ekarriko dituen aldaketa batzuek eztabaida sortu dute. Aldaketa polemikoenak lurren jabetza berraztertzearena eta abortatzeko eskubidearena dira.
Lurren jabetzak berrikustearen aurka daudenen artean dago Daniel Arap Moi, 24 urtean Kenyako presidente izandakoa. Kalenjin etniakoa da, eta bere agintaldian kideei lurrak eman izana leporatzen diote. Hala ere, Renato Kizito Sesana apaiz misiolariaren iritziz, arlo horretan egoera ez da aldatuko, boterean dauden politikari guztiek lurrak legez kanpo eskuratu zituztelako.
Bestalde, erakunde erlijiosoak dira abortatzeko eskubidearen aurka borroka gehien egiten dutenak. Rutok puntu horien inguruan eztabaidatzeko deia egin zien baiezkoaren aldekoei, beraiek ere «Kenyaren etorkizuna sortzen» parte hartu nahi dutelako.
Njonjo Mue Kenyako Justizia etaTrantsiziorako zentroko zuzendariaren hitzetan, orain politikariak elkarlanerako gai diren ikusi behar da. Berak baietz uste duela esan du, presio sozial handia dutelako.
Normaltasuna
2007ko hauteskundeen ondoren gertatutako istiluak berriz izango zirelako beldur zen Kenyako Gobernua. Mwai Kibakik irabazi zituen hauteskundeak, eta Raila Odinga hautagai zen. Kibakik emaitzak aldatu zituela salatu zuen. Horren eraginez piztutako liskarretan 1.300 lagun inguru hil ziren. Horretaz gain, ekainaren 13an Nairobin erreformaren aurkako mitin batean atentatu bat egin zuten, eta sei lagun hil ziren.
Liskarrei amaiera emateko, Kibakik eta Odingak koalizio gobernua eratzeko akordioa sinatu zuten 2008an. Bertan biak erreferendumaren alde zeudela adierazi zuten. Kibaki 2005ean Konstituzioa aldatzen saiatu zen, baina %57k erreformaren aurka egin zuten. Odingak ere erreferendumean ezezkoa eskatu zuen.
Egoera hura berriz ez izateko, segurtasun indarretako 73.000 lagun zeuden herrialdeko 27.600 hauteslekuak zaintzen. Lasaitasuna izan zen nagusi bozketetan.
Ezezkoaren aldeko alderdietako eta erakundeetako buruek ere lasaitasuna eskatu dute. Rift Valley probintziako gotzain Cornelius Korirrek adierazi du bere «lagunez» harro dagoela, eta bakeak jarraitzea espero duela. Rift Valleyn Rutoren jaioterria dago, eta Kalenjin etnia bizi da han. Gainera, 2007ko hauteskundeen ondoren istilu gehien egon zen lurraldea da. Ezezkoak irabazi du han.
Europako Batasunak emaitza txalotu du. Haren iritziz, Konstituzioaren aldaketek herrialdearen «egonkortasuna eta goraldia» indartuko dute. Kenyarrei Konstituzioa idazten laguntzeko prest dagoela ere jakinarazi du.
Presidentearen boterea murriztuko duen Konstituzioa onartu dute Kenyan
Hautesleen %70ek babestu dute galdeketa, eta ezezkoaren aldeko alderdiek porrota onartu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu