«Presidentearen laguna»

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
PSDB oposizioko taldeak telebistan, iragarki batean, lan bila dabilen emakumea erakutsi du, Dilma Rousseffen antzekoa (Belo Horizonte, 1947). Curriculuma gezurrez josteaz eta merkatari eskasa izateaz akusatu ondoren, hauxe esaten du emakumeak: «Barkatu, baina presidentearen laguna naiz». Hala ere, merkatari txar bat baino zerbait gehiago ikusi zuen Luiz Inacio da Silva Lulak ezagutu zuenean, 2002an. «Nire gobernurako ministro bat topatu dut», pentsatu zuen. Lula presidente hautatu zutenean, Energia ministro izendatu zuen, denen ezusterako, eta handik bi urtera Presidentetzako Ministerioko arduradun. Bizkorra, langile amorratua, gogorra eta gauzak lortzen dituena delako aukeratu zuen Lulak, ezustean orduan ere.

Rousseffi Nietzcheren esaldi bat asko gustatzen zaio: «Hiltzen ez zaituenak indarra ematen dizu», eta bere ibilbidea bada horren isla. Preso politikoa hiru urtean, 22 egunez torturak jasandakoa eta loraldi politikoarekin bat minbizia linfatikoari aurre egin izana dauzka bere gain, baita generoaren aurreiritzien kontra borrokatu behar izatea ere, oso matxista den herri batean.

Lan egiteko eta ikasteko gaitasuna duela esaten dute. Zolaren eta Dovstoieskiren irakurle nekaezina da, eta horrenbeste existentzialismok, aitaren bidezko sobietar munduaren ezaguerak -bulgariar komunista zuen aita- eta 1968ko mugimenduak militantzia politikora eta armatura bideratu zuten, Belo Horizonteko Ekonomia Fakultatea zapaldu bezain pronto.

Polop eta Colina taldeetan aritu zen lehenik, eta horiek bat egindako Palmares taldean gero -70eko hamarkadan Brasilgo gerrillari talderik sendoenetako bat-, baina ez dago argi zenbaterainoko partaidetza izan zuen. Batzuek diote buruzagia zela. Veja aldizkari eskuindarraren arabera, 1969an Sao Pauloko gobernadorearen maitalearen etxeko ekintzan parte hartu zuen. Dioenez, lapurtu zituzten 2,5 milioi dolar zeramatzaten ekintzaileei ihes egiten lagundu zien. Hamarkada batzuk geroago oroitzapen hori lausotua duela esaten du.

Gerrillari iragan hori gorabehera, espetxetik atera ostean ekonomia ikasketetan sakondu zuen, eta Brasilgo garapenaren ardatz diren oinarri programatikoak ikertu zituen. Porto Alegreko gobernuan Energia Ministerioan egindako lanak emanzion prestigioa eta aukera Lularen ondoan lan egiteko. Orain ere ondo-ondoan dauka laguna.A.M.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.