Zer eskatzen zaio presidente bati? Edo, hobe esan, zer aurresuposatzen zaio? Garai batean, estatista baten ikuspegia, karisma, herrialde baten aberastasunaren kudeatze arrazionala, kaleko jendearen arazoak ulertzeko giza neurria, kanpo harremanetarako abilezia makiavelikoa, jende multzo bat gidatzeko argitasuna, baita haize kontra eta iritzi publikoaren kontra ere, horrek epe ertainean egoera hobeago bat eragingo zuen konbikzioa balu delako agintariak, erratuta egon arren.
Bill Clintonek Etxe Zuria utzi zuenean, bat baino gehiagok esan zuen Clinton bera zela erabaki ahalmen portzentaia minimo bat, deliberazio autonomia gutxieneko bat Ðez gehiegi, ez gaitezen engainaÐ izan zuen AEBetako azken presidentea. Handik aurrerako guztiak, presidente nominalak, AEBak bilakatzear ziren elkarte anonimoko akziodun nagusien ordezkari hutsak izango zirela esan zen, ohiko irizpide politikoekin tabula rasa egin eta beste parametro batzuk, beste moral bat Ðmoralik eza?Ð erabili beharko genuela aurrerantzean haien jokabidea ulertzeko.
Kerry hautagai izendatu zutenean, Ariel Dorfmanek galdera harrigarri bat plazaratu zuen, presidentziarako bidean demokratek izan zezaketen traba nagusia agerian jarriz: «Ez ote da Kerry inteligenteegia AEBetako presidente izateko?». Dorfmanek, hautagai izendatu aurretik Kerry ezagutzeko parada izan zuen, eta oso inpresio ona eragin omen zion.«Ez ote da Kerry inteligenteegia AEBetako presidente izateko?», bere buruari ez ezik, Kerryren aholkulari bati ere egin zion galdera, eta honek, galdera aintzakotzat hartuz, dudarik gabe, hura gainditu beharreko eragozpen bat izango zela, eta inteligentzia soslai hori rebajatzen saiatuko zirela erantzun zion, gutxi asko. Jendeak bere herria ordezkatuko duen presidentea hautatzeko orduan hautagaiarengan bilatzen dituen baloreek zerikusi gehiago dute irmotasunarekin inteligentziarekin baino. Pragmatismoa da AEBek filosofiari eta munduari egin dioten ekarpenik garrantzitsuena, eta pragmatismo gaizki ulertua, inteligentzia gaizki ulertuaren antonimotzat jotzen da gizarte amerikarrean (eta gurean ere bai, gero eta gehiago: presidente tontoak sortzetik presidente tontoaren eredua esportatzera pasa baitira amerikarrak, euren pragmatismoari etekina atera nahian, orain ere). Listoegia ez dago izaterik presidente izateko, eta listoegia denak disimulatu egin beharko du, jokoa sinplismoaren eta ergelkeriaren joko-zelai lokaztuan jokatuko baita ia beti (ez dago urrunegi joan beharrik adibideak topatzeko: Espainiako presidente Zapaterori Borges gustatzen zitzaiola publikoki ez esateko gomendatu zioten aholkulariek; hautagaia Borgesek hainbeste maite zituen labirintu haietako batean galduko zen beldur ziren, behar bada). Herrialde gehienak bezala Ðeta gutako gehienak bezalaÐ, AEBak ere, konbentzitzen baino, seduzitzen errazagoa den herrialde bat dira, azken finean. Arrazoiarekin galdegingo duzue: hautesleria seduzitzen ote du bada Bushek? Ez. Hautesleek, jada ez dute inork seduzi ditzan ere espero! Seinale txarra. Zer ezberdintasun dago, demagun, Reagan eta Bush juniorren artean? Edo, areago, Bush aita eta Bush semearen artean? Reagan eta Bush aita, gerrazale eta gastu sozialen murriztaileak izanagatik, ez zituzketen Michael Moore(Fahrenheit 9/11) edo John Sayles (Silver City) bezalako zuzendarien filmek hain erraz desarmatuko: ez ziren ergelak, eta ergelak zirenean ere, disimulatzen saiatzen ziren. Soldadu amerikarrak gerran hiltzean negar egiten zekiten haiek, edo negar egiten zuten itxura egiten, sikira. Hori aldatu da. George W. Bush ez da itxura gordetzeaz ere arduratu: horren ordez, golfera jolastera joan da. Zerbait ez barkatzekotan, hori izanen da, akaso, amerikarrek Bushi barkatuko ez diotena: dolua ere ez errespetatu izana, fribolitaterako joera iraingarria. Hautesleek George W. Bushi eskrupulu gabezia barkatuko dioten ala ez, hori da ikusteko dagoena. Barkatzen badiote, fribolitatea eta disimulurik gabeko eskrupulurik eza ere, aurrerantzean politiko idealaren soslai estandarrari erantsi beharreko ezaugarriak izango direla ulertu beharko dugu. Honetara iritsi gara: sentiberenak irabaz dezala desio izatera.
Bihar atal honetan: Ainara Mendiola berriako Mundua saileko sailburua
IRITZIA
Presidentearen soslaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu