Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatu dute subiranistek. Aldaketaren alde bozkatu dute JxC Junts Per Catalunyak, ERC Esquerra Republicanak eta CUPek. 70 boto guztira. Ciutadansek, PSCk, En Comuk eta PPk, unionistek alegia, aldiz, kontra bozkatu dute: 65 boto.
Dena den, aldaketak ez du biderik egingo; oraingoz, behintzat. Batetik, Madrilek helegitea jarriko duelako Konstituzionalean. Prozesu subiranistaren harirako aurrekariak ikusita, litekeena da tramiterako onartzea, eta, hortaz, automatikoki erreforma baliogabetzea. Eta bestetik, JxCk diskurtsoa aldatu duelako azken astean, eta esan izan duelako ez duela Konstituzionalari desobeditzeko asmorik.
Maiatzaren 22rako presidente berri bat eduki beharko du Kataluniak. Hala ez bada, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deituko du. JxCko diputatuak asteburuan dira Puigdemontekin biltzekoak, Berlinen. Bilera horien ondoren argituko dute ea laugarren presidentegai bat proposatzen duten. Dena dela, JxCk ez du baztertzen hauteskundeak errepikatzea.