Ostiralean beteko dira bi hilabete Katalunian hauteskundeak egin zituztenetik, eta gobernubururik ez dute izendatu oraindik. Artur Masen hautagaitza bi bozketatan baztertuta, negoziazioetan jarraitzen dute Junts Pel Si eta CUP indar independentistek.
Indar nagusiaren azken proposamenaren berri eman du Ara egunkariak: Presidentetzaren kontseilu bat sortzea. Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Neus Munte lirateke batzorde bakoitzeko presidenteak, eta Mas litzateke gobernuburua.
CUPek astebururako deitu du batzarrera. Presidentetza "korala" proposatu zuen duela aste batzuk talde politiko horrek, eta hari horri jarraituz eginikoak izan dira Junts Pel Siren azken eskaintzak.
Indar independentista nagusiak CUPi proposatu zion Junqueras, Romeva eta Munte presidenteorde izatea, bakoitzak sail handi banaren ardura hartuta. Antzeko eskaintza egin du orain, baina zehatzagoa: Junquerasek, Muntek eta Romevak presidente tratua lukete, eta hirurek osatuko lukete Presidentetzaren Kontseilua. Organo hori arduratuko litzateke gobernuaren egunerokoa kudeatu eta prozesu subiranista aurrera eramateaz.