Katalunia

Preso independentista katalanei indultua ematearen aurka agertu da Gorena

Azken hitza Espainiako Gobernuak izango du. Sanchezek adierazi du «adiskidetasunera» bidean hartutako erabakia izango dela. Casadok, berriz, helegitea aurkeztuko dutela indultuak onartzen badira.

Lledonersen preso dauden independentistak, espetxetik irteten, urtarrilean. SUSANNA SAEZ
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 26a
12:23
Entzun

Espainiako Gobernuak badu Auzitegi Gorenaren erantzuna. Espero bezala, Kataluniako buruzagi politikoak espetxeratu zituen auzitegia haiei indultua ematearen aurka agertu da, aurrez fiskaltzak egin bezala. Halere, erabakia ez da loteslea, eta azken hitza Espainiako Gobernuak izango du. 

Gorenaren txostenak adierazten du auzitegia hamabi presoei edonolako indulturik ematearen aurka dagoela, izan horiek osoak edo partzialak, argudiatuta, besteak beste, ez dutela «damurik» adierazi —1870eko Indultuen Legeak, ordea, ez du halako baldintzarik jasotzen—. Horrez gain, kritikatu egin du buruzagi independentistek euren burua «preso politiko» gisa kalifikatu izana, «ordena konstituzionala alde bakarretik asaldeatzera bideratutako» mobilizazio baten gidari gisa agertu beharrean. Horrek, gainera, eskaera egiteko erabilitako edozein argudio ezerezean uzten duela azaltzen du Bigarren Salako presidente Manuel Marchena epaileak —presoen aurkako auzia gidatu zuen berak— zuzendutako txostenak.

Azaldu du ez dagoela halako neurri bat hartzea justifikatzen duen arrazoirik, eta 2019an auzitegiak jarritako zigorrek —bederatzi eta hamahiru urte artekoak— ez dituztela «proportzionaltasun printzipioak urratzen». Auzitegiaren esanetan, gainera, kasu honetan indultuak eskatzeak figura juridiko horren zentzua «gaizki erabiltzea» dakar, Espainiako Gobernuak ebazpen judizial bat zuzentzeko helburua izan dezakeelakoan. Beraz, auzitegiak ebatzi du espetxe zigorrak hark bere helburuak betetzean amaitu behar direla, eta gogoratu ezin direla bizikidetzaren oinarriak apurtu herritarrak «modu arduragabean bultzatuz sustatzaileen imajinazioan soilik existitzen den estatu berri bat eraikitzera». 

Hitzak hitz, azken erabakia Espainiako Gobernuarena izango da. Espainiako presidente Pedro Sanchezek adierazi du  «adiskidetasuna» eta «mendekurik eza» kontuan izanda hartuko dutela. Jarrera hori txalotu egin du PSOErekin batera gobernuan den alderdiak, Unidas Podemosek, eta adierazi indultuak onartzeak koalizioa indartuko lukeela. Era berean, En Comu Podemeko bozeramaile Jessica Albiachek uste du presoak askatzea pauso garrantzitsua izango litzatekeela «epaileen gobernua» amaitzeko, «elkarrizketaren etapa berri bati» bide emateko. PSCko bozeramaile Salvador Illa ere aukera horren alde agertu da, baina amnistia ezartzearen aldeko ideia baztertzeko eskatu die alderdi independentistei.

Oso bestelako jarrera erakutsi dute eskuineko alderdi unionistek. Alderdi Popularraren esanetan, Sanchezek indultuak onartuko balitu, Espainia «legeditik kanpo» utziko luke. Hala, erabakia iritsiko balitz helegitea aurkeztuko luketela azaldu du alderdiko buru Pablo Casadok, Auzitegi Gorenaren argudio «gogorretan» oinarrituta. Aurrez, gauza bera egitearen alde agertu ziren Vox eta Ciudadanos ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.