Jendetza bildu da herriz herri antolatutako erreferendumaren aldeko ekitaldietan. Enkarteladak, elkarretaratzeak eta parlamentari nahiz gizarte zibileko ordezkarien hitzaldiak ikusi eta entzun ahal izan dira horietan. Bartzelonakoa izan da jendetsuenetako bat.
Diktadura garaiak izan ditu gogoan Carme Forcadell parlamentuko presidenteak, esanez hura hil eta 42 urtera berriz ere "kalera irten beharrean" daudela. Atxilotuak ere gogoan izan ditu Forcadellek, eta eskerrak eman dizkie haien alde mobilizatu diren guztiei: "Sedizioa egozten digute, horrek espetxe zigorra dakarrelako. Preso nahi gaituzte, uste dutelako horrela gure ideiak geldituko dituztela".
Zuzenbide estatua "atzeko atetik desegin" nahi izatea egotzi dio Madrili ANCko buru Jordi Sanchezek. "Hilabeteak daramatzate demokraziaren altxorraren bila; igandean topatuko dute hautesontzietan". Bide batez, probokazioetan ez erortzeko eskatu die han bildutakoei.
Generalitateak eta Parlamentuak egindako lana txalotu du, bere aldetik, Jordi Cuixartek eta Kataluniako fiskal nagusiari zuzendu zaio esanz, baietz zuzen dagoela, moblizazioak antolatu dituztela eta berriz ere egingo dutela."Koronel bat jarri nahi zuten mossoen buru, eta orain Enric Millo jarri nahiko dute presidente. Baina ez dute lortuko".