Preso palestinarrek gose grebari eutsiko diote

Israel iparraldeko beduinoek greba egin dute, muturreko juduek meskita bati egindako erasoa gaitzesteko

Jon Fernandez.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Preso palestinarren eta Israelgo Gobernuko ordezkarien arteko negoziazioek ez dute ezertarako balio izan; duela astebete hasitako gose grebarekin jarraituko dutela jakinarazi dute presoek. «Negoziazioan mehatxuka aritu dira, eta presoen eskarien inguruan hitz egiten hasteko aurrebaldintzatzat jarri dute gose grebaren amaiera», salatu du Jamal al Rajub presoen ordezkariak.

Israelgo kartzeletan 7.000 palestinar inguru dituzte preso, eta horietatik 2.500 daude gose greban euren bizi baldintzak hobetzeko eskatzeko. Zisjordaniako eta Gazako kaleetan presoen aldeko babes handia erakutsi dute azken egunotan. Atzo, gainera, presoen egoera hobetzeko inplikazioa eskatu zioten manifestariek, gutun bidez, NBEko ordezkariei eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari.

Arabiar Ligaren salaketa

Herenegun muturreko juduek Israel iparraldeko Tuba Zangaria herriko meskitari egindako erasoak soka luzea ekarri du. Hainbat ezezagunek meskitari su eman eta arabiarren kontrako graffitiak idatzi zituzten hormetan. Protesta gisa, herrialdearen iparraldeko herri beduinoek greba egin zuten atzo. Ikastetxe eta erakunde arabiar guztiek ateak itxi zituzten, eta Poliziak segurtasun neurri bereziak ezarri zituen Galilea eskualdeko leku sakratu guztietan.

Arabiar Ligak, bestalde, gogor kritikatu du erasoa, eta «Israelen politika arrazista sistematikoaren barruan» kokatu du. «Tel Avivek 1948tik erabili du politika bera meskiten, elizen eta hilerrien kontra. Palestinaren memoria ezabatu nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.