Preso politiko maputxeen ordezkariekin bildu da lehen aldiz Txileko Gobernua

Bileran ez dela negoziaziorik egon salatu dute maputxeen ordezkariek; bi preso errugabetzat jo dituzte

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Preso politiko maputxeak azkeneraino heltzeko prest daude. 76 egun egin dituzte gose greban, eta gobernuak urratsik egin ezean, berdin jarraituko dute, nahiz eta haietako batzuk dagoeneko erietxera eraman behar izan osasun arazoengatik. Egoerari irtenbidea aurkitzeko asmoz, eta nazioarteko presioei erantzunez, Sebastian Piñera presidentearen ordezkaritza bat bildu zen herenegun presoen bozeramaileekin. Azken horiek salatu dute, ordea, biltzarrean ez zela negoziaziorik egon, eta, beraz, 35 maputxeek gose greban jarraitzen dutela.

Bestetik, estatuburuak joan den astean iragarritako elkarrizketa mahaikoak lehen aldiz biltzekoak ziren atzo, Temucon, baina han ez dira izango presoen ordezkariak, negoziazioetan ez baita hitz egingo haien egoeraz, ez eta terrorismoaren aurkako legeaz ere. Hala, presoen bozeramaileek gogor gaitzetsi dute Txileko Gobernuaren jarrera, eta «benetako urratsak» egiteko eskatu diote. «Gobernuak maputxe zintzoak eta gaiztoak desberdintzen ditu; zintzoak dira behar bezala jokatzen dutenak, eta gaiztoak besteak. Zer espero liteke politika honetatik?», gaitzetsi du Jose Marimanek, zientzia politikoetako adituak.

Herritarren babesa

Presoek ez ezik, herritarrek ere protesta ekintzak abiatu dituzte. Herenegun, esaterako, manifestari talde batek Lanaren Nazioarteko Erakundearen eta Karibe eta Latinoamerikarako Ekonomia Batzordearen egoitzak okupatu zituen. Bide beretik, Temucon hiru maputxek gose greba abiatu zuten hilaren 19an.

Bestalde, Txileko auzitegi batek 2008an kamioi bat erretzeaz akusatutako bi preso errugabetzat jo zituen, nahikoa frogarik ez zegoela argudiatuta. Haietako batek, hala ere, preso jarraitzen du beste auzi batengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.