Ekialde Hurbila. Preso palestinarren borroka

Presoek gose greba amaitu dute, Israelek baldintzak onartu baititu

Bakartze zigorrak etetea, senideen bisitak onartzea eta atxiloketa administratiborik ez berritzea onartu du Tel AvivekEgiptoren bitartekaritzari esker lortu dute akordioa bi aldeetako negoziatzaileek

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Amaitu da. Ia hilabete egin dute batzuek jan barik euren eskubideen alde, eta bi hilabete pasatxo beste batzuek. Israelek euren aldarrikapen nagusiak onartu dituela ikusita, amaitutzat eman zuten atzo preso palestinarrek gose greba: protesta eteteko hitzarmena sinatu zuten Israelgo Ashkelon kartzelan. Akordio horretan Tel Avivek hiru puntuok betetzea onartu du: Gazako presoen senideei bisitak onartzea, bakartze zigorrak deuseztatzea —preso batzuek urteak daramate bakartuta— eta atxiloketa administratiborik ez berritzea. Izan ere, atxiloketa administratiboen kasuan presoei ez diete inolako deliturik leporatzen, eta zigorra behin eta berriz luzatzea ahalbidetzen du Israelgo lege militar batek.

Issa Qaraqe PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Espetxe Gaietarako ministroak, Saleh Arouri Hamaseko kideak eta Tel Avivek berak baieztatu dute albistea. Negoziazio prozesuan parte hartu du Arourik, eta azaldu du preso administratiboei akusazio zerrenda aurkeztea onartu duela Israelek, eta atxiloaldia beteta daukatenak askatzea —gutxienez sei hilabetekoa izaten da preso administratiboen atxiloaldia—. Bakartuta dauden preso guztiak etziko erregimen arruntera pasatzea ere onartu du Tel Avivek, Arouriren arabera, eta baita Shalit legea deiturikoa baliogabetzea ere. Palestinarrek Gilad Shalit Israelgo soldadua bost urtez bahituta eduki izana mendekatzeko, senitartekoekin harremana izateko eskubidea eta hezkuntzarako eskubidea ukatu die Israelek preso palestinarrei. Iazko urrian askatu zuten Shalit, 1.027 preso palestinar askatzearen truke, baina haren izeneko legeak indarrean jarraitzen du oraindik.

Kairoko ituna

Joan den domekan lortu zuten akordioa negoziatzaile palestinarrek eta israeldarrek, Kairon, Egiptoren bitartekaritza lanari esker, eta testua presoei helarazi zieten atzo, oniritzia eman ziezaioten. Presoren baten heriotzak sortuko zituen protestak saihestu nahian, negoziazioak ugaritu egin ziren joan den astean Tel Aviven eta agintari palestinarren artean, domekan adostasuna lortu zuten arte.

Gaur egun, 5.335 palestinar daude preso Israelgo kartzeletan, eta horietako 2.500 inguru —1.550 Tel Aviven arabera— gose greban egon dira joan den apirilaren 17az geroztik. Izan ere, Israelgo espetxeetan dituzten eskubide urratzeak eta baldintza kaskarrak salatzeko protesta Preso Palestinarren Egunean hasi zuten. Baina beste zazpi presok duela bi hilabete hasi zuten gose greba, eta oso osasun egoera larrian daude horietako batzuk.

Protesta eredugarriak

Preso palestinarren gose greba luzeak Ekialde Hurbilera begira jarri ditu nazioarteko hainbat erakunde. Osasunaren Mundu Erakundeak, adibidez, jakinarazi du presoen osasun egoeraz «arduratuta» dagoela, eta Israeli presoak «berehala artatzeko» eskatu dio. Baina presoen jarrerak ez eze, kaleko palestinarrek presoen eskubideak defendatzeko hartutako jarrerak ere piztu du arreta. NBE Nazio Batuen Erakundeak lurralde palestinarretarako duen mandatari Maxwell Gaylardek txalotu egin ditu Palestinako gizarte zibilak presoen eskubideen alde egindako ekintzak, nahiz eta protesta horietako asko NBEk «esku hartzen» ez duela salatzeko izan.

Joan den astean gazte palestinarrek eserialdiak egin zituzten NBEren eta Gurutze Gorriaren egoitzen aurrean, eta Gaylardek ontzat jotzen ditu protesta baketsu horiek. Atzo, itunaren berri izan baino lehen, milaka lagun atera ziren kalera Gazan eta Ramallahen presoei babesa adieraztera. «Gure arima eta odola emango dugu presoak askatzeko», oihukatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.