Prezioen igoerak protestak piztu ditu Palestinan

Salam Fayad lehen ministroari leporatu diote prezioen igotzea; hark esan du kargua uzteko prest dagoela

Erredakzioa
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Duela gutxi erregaien prezioa %5 garestitu dute Palestinan, eta horrek oinarrizko hainbat produkturen prezioak igotzea eragin du. Igoera hori salatzeko, herritarrak kalera atera dira azken egunetan. Asteazkenean, Nablusen hasitako protestak Zisjordania osora zabaldu dira.

Prezioen igotzea, Salam Fayad PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroari leporatu diote herritarrek. Izan ere, hura da lurraldeko politika ekonomikoaren egilea, eta palestinarrek bizi duen egoera ekonomikoaren «erantzuletzat» dute.

Fayadek berak esan du herritarrek nahi badute, kargua uzteko prest dagoela. Hala ere, uste du egoera ez dela konponduko berak kargua utzita. Haren ustez, PAN «demokratikoki» berregituratzea ezinbestekoa da krisi politikoari eta ekonomikoari aurre egiteko. Herritarrek ere ozen eskatu dute gobernua aldatzea: «Nahikoa da. Herritarren baldintza berdinetan bizi den gobernu bat nahi dugu, herritarrek adina jaten duten agintariak».

Mahmud Abbas PANeko presidenteak Palestinako udaberri arabiar gisa izendatu zituen protestak, lehengo astean Kairon egindako adierazpenetan. Abbasen arabera, herritarren eskaerak «egokiak eta bidezkoak» dira.

Protestak asteazkenean hasi ziren Nablusen, eta, batez ere, garraio zerbitzuetan lan egiten dutenek antolatuta. Haserre daude erregaiaren prezioa igo dietelako. Ehunka taxilarik bideak itxi dituzte hainbat hiritan: Ramalan, Nablusen, Hebronen eta Betleenen. Euren tarifak igotzen uzteko eskatu diete agintariei. Asteazkenaz geroztik, herritar gehiago elkartu zaizkie protestara. Ramallahen, esaterako, asteazkenean aita-alaba batzuk beren buruari su ematen saiatu ziren, haien familiaren egoera larria salatzeko. Fayez Saqqa Al-Fataheko diputatuak azaldu duenez, mobilizazioak ez dira hain jendetsuak, baina jendearen ezinegona bistakoa da. Adierazi du Habbasek laster emango duela egoera konpontzeko hartuko dituen neurrien berri.

PANen aurrekontua nazioartetik jasotzen dituen laguntzetan oinarritzen da. Aurten, 1,1 milioi euro jasotzea espero zuen, baina azkenean 350 milioi euro gutxiago jaso ditu. Izan ere, Persiar golkoko herrialdeek ez die dirurik bidali.

Israelen blokeoa

Fayadek azaldu duenez, Hamasek Gazako agintea hartu zuenetik PANek diru gutxiago bideratzen du Gazara. Lehen aurrekontuaren %28 ematen zion, eta orain %4 bakarrik. Horri Israelen blokeoa gehitu behar zaio. NBE Nazio Batuen Erakundeak lehengo astean ohartarazi zuen 2020. urtean ez dela Gazan bizitzerik izango, Israelen blokeoak lurraldeko baliabideak xahutzea eta azpiegitura falta eragin duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.