MEXIKO

PRI alderdiak jaso du boto gehien Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Fox lehendakariaren PAN alderdiak nabarmen egin du behera, eta ezkerreko PRDk, aldiz, gora

Erredakzioa
2003ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Igandean eginiko Legebiltzarrerako hauteskundeek mapa politikoaren irudi berri bat utzi dute Mexikon, eta 70 urtez agintean egon den PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionala izan da, hiru urteko etenaldiaren ostean, berriro ere boto gehien eskuratu dituena, hain zuzen ere, botoen %34,4 jaso ditu. Boz gehien eskuratu duen alderdia baldin bada ere hogei diputatu gehiago lortuko ditu, botoetan behera egin du alderdiak, hiru puntuan egin du behera PRIk %37 eskuratu zuen azken hauteskundeetan.

Vicente Foxen PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiak bere nagusitasuna galdu du oraingoan, eta 2000. urteko hauteskunde orokorretan PRIri gailendu ostean, jaitsiera nabarmena izan du. Botoen %30,05 eskuratu ditu, eta 50 diputatu inguru galduko ditu Legebiltzarrean orotara 500 diputatu daude bertan.

Ezkerreko PRD Iraultza Demokratikorako Alderdia izan da hauteskunde hauetan igoera nabarmena izan duen taldea; izan ere, bikoiztu egin da jaso dituen botoen kopurua; %17,1 eskuratu ditu, alegia. Irailean osatuko den Legebiltzar berrian 100 diputatu izatera irits daiteke alderdia. Gainera, hiriburuan gehiengo osoa lortu du PRD alderdiak, hain zuzen ere, Mexiko DFn dauden hamasei barrutietatik hamalautan lortu du gehiengo osoa ezkerreko alderdiak.

Nabarmena izan da ere abstentzioaren kopurua: %59. Mexikoko Konstituzioak boto ematea eskubidea izateaz gain, betebeharra ere badela zehaztu du. Hala ere, hamar herritarretik soilik lau joan ziren bozkatzera igandean 65 milioi mexikar zeuden deituta bozkatzera. Azken urteotako abstentzio kopuru handiena izan da, beraz.

Hitzarmenen beharra

Inork ez du gehiengo osoa lortu, eta, ondorioz, alderdien arteko hitzarmenak beharrezkoak izango dira Legebiltzarrean gobernatu ahal izateko. Dagoeneko alderdi nagusietako presidenteak hitzarmenen beharraz mintzatu dira.

PRI alderdiko presidente Roberto Madrazo alderdi guztiekin hitz egiteko prest agertu da. «Mexikoko gobernagarritasun demokratikoa sustatzeko alderdi guztiekin akordioak lortzeko prest gaude», esan du. «Hala ere, emaitzak «moderaziorako gonbitea» direla aipatu du, eta, hala, aurrenekoz PAN alderdiarengana joko duela uste da.

Mexikoko presidente Vicente Fox ezberdintasunak gainditzeaz eta hitzarmenak bilatzeko asmoaz mintzatu da. «Gobernua eta gainerako alderdiak behartuta gaude herritarrek eman ez duten gehiengoa eraikitzera. Hauxe da jaso dugun mezua», adierazi zuen.

PRD Iraultza Demokratikorako Alderdiko presidente Rosario Roblesek hitz egiteko prestutasuna agertu du. «Hizketarako borondatea berresten dugu, alderdi guztiekin hitz egiteko prest gaude, baina PRD ezkerreko alternatiba dela ezin ahantz dezakegu».

Legebiltzarreko 500 diputatuak aukeratzeaz gain, sei estatuetako gobernuak hautatu zituzten igandeko botoetan. Hor, alde nabariak izan dira leku batetik bestera. Esate baterako, Nuevo Leon estatu esanguratsuan PANek orain arte zuen boterea eskuratu du PRI alderdiak. Halaber, Coliman, Sonoran eta Campechen nagusitu da alderdi hori. PANek, berriz, San Luis de Potosiko gobernua kendu dio PRIri eta Queretarokoari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.