mundua

PRI boterera itzuliko da Mexikon, hamabi urteren ondoren

Enrique Peña Nietok irabazi ditu Presidentziarako hauteskundeak. Botoen %80 inguru eskuratuta, bost puntuko aldea atera dio Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko hautagaiari. 

2012ko uztailaren 2a
17:01
Entzun

Botoen %80 zenbatuta dela, Enrique Peña Nieto PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaiak irabazi ditu Mexikoko Presidentetzarako hauteskundeak, %37,38ko babesarekin. Behin betiko datuak etzi jakinaraziko dituzte. Ustekabe handirik ezean, beraz, PRI boterera itzuliko da Mexikon, hamabi urteren ondoren. 

Oraingoz, bost puntuko aldea ateratzen dio Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko hautagaiari —%32,48—.

Boterean zegoen PAN eskuineko alderdia hirugarren indarra izango da, Josefina Vazquez Mota hautagaiak botoen %25,38 eskuratu ostean. PANekoa izan da porrota onartzen lehendabizikoa.

Bozetan %62ko parte hartzea izan da. 2006an %58koa izan zen. 

Hauteskundeen eguna, oro har, giro lasaian igaro zen. Hala ere, Chiapaseko hautesleku batean tiroketa bat izan zen eta hiru lagun hil eta beste hiru zauritu ziren. Ustez, PRI alderdiaren eta PVEM alderdiaren aldeko zenbait lagunek hartu zuten parte tiroketan. 

PRI alderdiaren "eraberritzea", zalantzan

Datozen sei urteetan herrialdearen lema zeinen esku egongo den erabakitzeko eskubidea izan dute 84,5 milioi herritarrek hauteskundeetan; 128 senatari eta 500 diputatu federal aukeratu dituzte, baina presidentearena da hautaketarik garrantzitsuena mexikarrentzat. Dirudienez, Nieto izango da. 

Horrela, hamabi urteren ostean, agintera itzuliko da PRI alderdia Mexikon. Azkeneko urteetan PAN alderdia izan da boterean. Nietoren arabera, PRI alderdia eraberrituta dator, "modernizatuta" eta "lehia demokratikorako prest". Aurkari politikoentzat eta herritar askorentzat, berriz, lehengo jarrera autoritarioa dago itxura berriaren atzean, betiko guardia zaharra. Izan ere, aurretik aginteari lotuta egon zen 70 urtetan zehar Alderdi Iraultzaile Instituzionala: 1929tik 200ra bitartean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.