PRIMARIOAK ESTATU BATUETAN. Beste bost estatutan nagusitu da Kerry, lehen Astearte Handian'

Washingtonen irabaziko duela dio Deanek, lehen primarioetan atzeko postuak baino lortu ez arren

MAX BOEHNEL - NEW YORK
2004ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren lehen Astearte Handian garaipen izugarria lortuta, George Bushen aurkari izateko lehen postua sendotu du John Kerry hautagaiak. John Edwards Hego Carolinan nabarmendu zen, eta Wesley Clark Oklahoman.

Zazpi estatuetatik bost irabazi zituen Kerry Massachusettseko senadoreak. Arizonan, Delawaren, Missourin, New Mexicon eta Ipar Dakotan aurre nabarmena hartu zien Kerryk lehiakideei. Kerryk azaroko presidentetzarako hauteskundeetan George Bush AEBetako egungo presidentearen aurkari izateko lehia irabaziko duen seinalerik argiena Missourik eman zuen, batez ere. Estatu honek islatzen du hobekien Estatu Batuen kontraesan etniko eta sozialak, mikrokosmos bat bezala. Missourik irabazten duenak hartuko du demokraten buruzagitza, dio mendetan salbuespen bakarra izan duen arauak. Garaipena iragartzeko hitzaldian agertu zen Kerry, lehen aldiz, estatu gizon gisa, presidente bezala. Hasteko, Vietnamgo gerrako beteranoei eman zien eskerrak. Arrakasta izan du horien ahotsa bereganatzen, eta jarraitzailerik sutsuenak ditu. Bera ere beteranoa da, eta bere garaian gerraren aurka agertu zen jendaurrean. «Gau zoragarria da hau. Erabat txunditurik nago», esan zuen Kerryk asteartean, «bozok agerian uzten dute herrialde honetako jendeak aldaketa eta buruzagitza berria nahi duela».Bere estatuan, Hego Carolinan, garaipena eskuratu zuen John Edwards senatariak gazte itxurako abokatu izarrak, eta Kerry bigarren lekuan utzi zuen. Garaipenarekin, hasteko, ziurtatuta du Edwardsek lehian jarraitzea. Bere denboraren zatirik handiena, eta ia bere milioi guztiak Hego Carolinako hauteskunde propagandan sartu ditu, eta asteartean ia porrot eginda zegoen. Beste estatuetan ere kontuan hartzeko emaitzak eskuratu zituen Edwardsek. Lehen Astearte Handiaren emaitzak onuragarriak izango zaizkio, espero bezala gastuak eta diru sarrerak berriz orekatzen baditu. AEBetako telebistan iragarri dute jada Edwards Kerryren presidenteorde gisa aurkeztuko dela. Ustekabeko zein ozta-oztako garaipena lortu zuen NATOko buru ohi Wesley Clarkek Oklahoman. Garaipenerako arrazoien artean jatorria dago, AEBetako hegoaldekoa baita Clark ere, zein kanpaina Estatu horretan kontzentratu izana. Arizonan eta New Mexicon Kerryren atzetik bigarrengeratu zen Clark. Oraindik ere ustekabea sor dezakeen hautagai berezi gisa jokatzen ari da.

Dean: «Irabaziko dut»

Iowan eta New Hampshiren lorturiko emaitza etsigarriak berritu zituen demokraten hauteskunde primarioetan faborito hasi zen Howard Deanek ezkerreko liberala den Vermonteko gobernadore ohia. Astearte Handiko zazpi estatuetan hirugarren postua izan zen haren emaitzarik hoberena. Joseph Liebermanek ez bezala aurrera jarraituko duela agindu zuen Deanek. Lieberman Al Gorekin presidenteorde izateko hautagai izan zenalehia utziko zuela iragarri zuen, astearteko emaitza txarrak ezagutu eta berehala. Etsi beharrean garaipenaz ziur agertu zen Dean atzo: «Washingtongo primarioak irabaziko ditugu», esan zien Seattleko jarraitzaileei. Kerryren kontrako erasoaldia ere jo zuen: lobbyen aldetik beste hautagaiek baino emari gehiago hartzea egotzi zion. Izan ere, diru faltagatik, zazpi estatuotako kanpaina ia alde batera utzi zuen Deanek. Bere hurrengo helburua datozen primariotanemaitza onak eskuratzea da.

Datozen hiru asteotan, primarioak izango dira AEBetako beste 11 estatutan. Martxoaren 2an Astearte Handia izango da: ehunka mila hauteslek bozkatuko dute estaturik jendetsuenetan. Presidentetzarako hautagaia izendatzeko behar diren 2161 ordezkarietatik 1151 emango dira egun horretan, eta horren bidez segurtasun handiz jakingo da demokratek nor bidaliko duten Bushen aurka lehiatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.