Atzo, Ekialde Hurbilean astebetean egingo duen bisitaldiaren lehen egunean, Palestinan zegoelarik, AEBetako presidente George Bushek mehatxu hitzak egin zizkion Irani. Persiako Golkoko Ormuzko itsasartean joan den igandeanAEBetako eta Irango ontzi batzuen artean gertatutakoa hizpide izan zuen Bushek: «Irani behin eta berriro argi esan diogu ondorio larriak egongo direla gure ontzi militarrei oldartzen bazaie; hortaz, gaur egiten diedan aholkua da horrelakorik egitera ez ausartzeko. Erantzuteko aukera guztiak aztertuko ditugu». Mehatxu horiek egin zituen Israelgo lehen ministro Ehud Olmertekin batera eginiko agerraldian. Tel Aviv da Teheranen etsai handienetako bat.
AEBetako Defentsa Idazkaritzak atzo zabaldutako lau minutu eta hogei segundoko bideo batean, Irangoak zirela zehaztuta zegoen ontzi txiki batzuk ageri zirenAEBetako hiru ontzi militarren inguruan itzuli-mitzulika ibilki. Gizonezko baten ahotsa ere entzuten zen, honek oihukatzen zuela: «Eraso egingo dizuegu; minutu gutxi barru, lehertuko zarete».
«IRUDI ETA HOTS FALTSUTUAK DIRA».Bideo hori iruzurrezko muntaia dela ziurtatu du Irango Fars albiste agentziari izenik eman gabe mintzatu zaion Iraultzaren Zaindariak unitate paramilitarretako goi arduradun batek. «Pentagonoak plazaratutako bideo honen irudiak artxiboetakoak dira, eta entzuten diren adierazpenak faltsutuak dira». Errepublika Islamikoaren segurtasun indar ideologikoak zabaldu duen oharrean zera zehazten du: «Bideo faltsutu hori Bushek Ekialde Hurbilean egiten duen bisitaren bezperan plazaratzeak helburutzat dauka Iranen kontura izu giroa sortzea, Mendebaldeko hedabideen bitartez».
Teherango gobernuaren esanetan, ordea, AEBetako ontzi militarrekin gertatutakoa Iraultzaren Zaindarien indarrak eginiko «ohiko kontrola» besterik ez zen izan.
Probokazioa
Ormuzko itsasartean Irango eta AEBetako ontzien artean gertatutako istiluaren irudiak Pentagonoak manipulatu egin dituela salatu du Iranek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu