Proiektu malkartsua

Turin eta Lyon hiriak lotuko dituen abiadura handiko trenaren proiektuak traba ugari aurkitu ditu bidean; Italiak 'terrorismoa' egotzi die igandean manifestatu ziren lagunei.

2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Pentsa zitekeen Turin eta Lyon hiriak lotuko dituen trenbidea ez dela izango lerro zuzen bat; ez, ordea, proiektua horren malkartsua izango zenik. Italia eta Frantzia lotuko dituen abiadura handiko trenaren obrek zeresan handia eman dute iraganean eta orain, eta garai bateko protestek indar handia hartu dute azken egunotan. Igandean manifestazioa izan zuten Chiomonten. Frantzia eta Italiako mugan dagoen herri horretan milaka lagun elkartu dira azken asteburuetan. Han hasiak dira jada trenbidea eraikitzeko lanak, baina ekainaren 27az geroztik militarizatuta daude obrak. Ordutik, 2.000 polizia inguru daude obrak babesten.

No TAV plataformak antolatu ditu manifestazioak, abiadura handiko trenaren egitasmoa salatzeko. Chiomonteraino martxak antolatu zituzten inguruko herrietatik, eta herritarrek ez ezik, Piomonte eskualdeko 23 alkatek ere hartu zuten parte martxa horietan. Iragan uztailaren 3an 70.000 bat pertsona joan ziren protesta egitera. Goizean ez zen istilurik izan; arratsaldean, ordea, manifestarien eta obrak babesten ari ziren polizien arteko tira-birak hasi ziren. Manifestariak poliziek osatzen zuten hesia hausten saiatu ziren, baina Poliziak gogor egin zien negarra eragiteko gasa botaz. Manifestariek salatu zutenez, bularraren altuerara bota zieten gasa. No TAVen arabera, 200 manifestari zauritu edo intoxikatu zituzten. Horrez gain, 180 agente ere zauritu zituzten liskarretan, eta bost pertsona atxilotu zituzten. Polizien esanetan, talde anarkistetako kideak ziren.

Roberto Maroni Italiako Barne ministroak esan du igandeko manifestazioan gertatutakoa «terrorismoa» dela eta polizia «hiltzeko ahaleginak» ere izan zirela tartean. Hala, oztopoak oztopo, Lyon eta Turin lotuko dituen trena egingo dela ziurtatu zuen.

Alberto Matteoli Italiako Garraio eta Azpiegitura ministroak ondorengoa esan du: «Gobernuak ezin du amore eman horrelako sabotajeen aurrean».

Proiektuaren mamia

Italiak eta Frantziak 2001ean sinatu zuten abiadura handiko trena eraikitzeko akordioa. Trenbideak Lyon eta Turin lotuko ditu, eta 20.000 milioi euro kostako da. Ibilbide gehiena Frantziako lurretan egingo du, baina Italiako Gobernuak diru gehiago jarriko du. Zehazki, honela izango da finantzaketa: Frantziako Gobernuak %37 ordainduko du, Italiako Gobernuak %63, eta Europako Batasunak 671,80 milioi euroko diru laguntza emango die. Obrek 10-15 urte iraungo dutela aurreikusten dute.

Lyon-Turin trena Europako Batasunaren lehentasunezko proiektuen artean dago. Lyon-Trieste-Ljubljana-Budapest-Ukrainako muga proiektuaren zati da. Bruselarentzat ez ezik, Silvio Berlusconiren gobernuarentzat ere proiektu garrantzitsua da. Italiako lehen ministroaren arabera, «obra egin beharra dago», bestela arrisku bat ikusten du: «Italia Europatik kanpo geratuko da».

Zati handiena lur azpitik egingo du trenak. Horretarako, bost tunel eraiki dituzte —54 km izango ditu horietako batek—, baita tunel horien irteerak-edo izango diren beste hamabi tunel txikiago ere. Hortaz, lur tona asko atera beharko dituzte. Proiektuaren aurka daudenek salatzen dutenaren arabera, ordea, inguru horretako lurrak uranio eta amianto asko du. Substantzia horiek kaltegarriak dira osasunarentzat.

Europako Batzordeak duela urte batzuk argitaratu zuen txosten baten arabera, lur horietan dauden substantziek ez dituzte arriskuan jartzen langileak eta eskualdeko biztanleak. Baina amiantoa erabiltzea legez kanpokoa da, duen arriskua dela-eta. Tunelak egiteko arrokak zulatzen hasten direnean, amianto zuntzak airean zehar zabalduko dira, eta oso arriskutsua izan daiteke hori, hainbat adituren arabera.

Gobernuen argudioak, kolokan

No TAV plataformak kolokan jartzen ditu gobernuek trenbidea eraikitzearen alde ematen dituzten argudioak.

Piamonteko eskualdea Europatik isolatuta geratuko dela. Horixe da argudio nagusienetako bat. Piamonten, ordea, badira bi errepide nagusi: autobide bat eta bidaiariak nahiz merkantzia garraiatzeko balio duen trenbidea. Horiek guztiak Frantziarekin daude loturik. Kontuan izan behar da Piamonte oso eskualde txikia dela —1,5 kilometroko zabalera du batez beste—. Gainera, lehendik Lyon-Turin ibilbidea egiten zuen trena kendu egin zuten bidaiari faltagatik.

Ekonomiari dagokionez, No TAV plataformak ez du uste trenbidea ezinbestekoa denik eskualdeko ekonomia berpizteko. Aitzitik, ekonomiaren gainbehera ekarriko duela uste dute, finantzaketa publikoa izanik beste arlobatzuetarako aurrekontua murriztu beharko baita; ikerketa, berrikuntza eta industriaren garapenerako aurrekontuak murriztuko direla salatu dute.

Proiektua babesteko beste arrazoietako bat ondorengo hau da: errepideetan kamioi gutxiago ibiliko direla. Garraioaren inguruan egin diren ikerketek erakusten dutenez, ordea, trenbidea eraikiz gero soilik ibilgailuen %1 desagertuko da. Beraz, aldea nabaritu ere ez litzateke egingo. Gainera, obrek irauten duten bitartean, egunean 500 kamioi inguru ibiliko dira alde batera eta bestera lurra garraiatzen. Eta horrek erraztu egingo luke substantzia toxikoak airean barreiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.