«Duela 64 urte gizarte bizia eta kultura aberatsa zuen nazio bat erbestera eta kanporatze masibo batera kondenatu zuten. Herrialde bat mapatik ezabatu zuten», gogoratu du Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko negoziazio buruak Nakba egunaren harira. Izan ere, atzo 64 urte bete ziren Israel sortu zela, palestinarrek «hondamendiaren hasiera» gisa gogorarazten duten eguna. Urtero bezala, manifestazio jendetsuak egin dituzte okupatutako lurraldeetan, Israelen eta erbestean, aberrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Hainbat lekutan liskarrak lehertu dira, eta Ramallahen gutxienez 80 lagun zauritu dira Israelgo armadak negar egiteko gasekin eta gomazko pilotekin egindako erasoetan.
Manifestazio handia egin dute Ramallahen, eta handik hainbat lagun Israelgo atxiloketa zentro baten atarira joan dira, eta beste hainbat Ramallah eta Jerusalem arteko Qalandiyako kontrol postura. Israelgo estatuaren sorrerarekin batera 750.000 palestinar inguruk euren lurretatik ihes egin behar izan zutela edo kanporatu egin zituztela gogoratu dute ekitaldietan. Bi toki horietan, baina, liskarrak piztu dira soldaduekin eta horiek gomazko pilotakadekin eta negar eragiteko gasekin desegin dituzte manifestazioak. Israelgo armadako bozeramaile batek esan du palestinarrak harrika hasi zaizkielako egin dutela eraso.
Gazan ere jendetza bildu da, Hamasek, Al-Fatahek eta beste hainbat erakundek batera egin duten protestan. «Erbesteratuen itzultzeko eskubidea ez dugu ez ahaztuko, ezta negoziatuko ere», adierazi du Hamaseko legebiltzarkide Muxeer al-Masrik.
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak ere hitz egin du Nakba egunez, eta palestinarren «irmotasuna» goraipatu du. «Lur hauetan jarraituko dugu. Haritzek bezala jarraituko dugu. Gure olibondoek bezala jarraituko dugu». Era berean, «oinazearen hasiera» inoiz ez dutela ahaztuko esan du. Erekatek, berriz, «Palestinako herriarekin duen zorra» ordaintzeko eskatu dio nazioarteari. «Nazioarteak egindako kaltea konpontzeko ardura morala dauka», esan du PAEko negoziazioburuak, eta, horretarako, Israelen zigorgabetasuna amaitzeko eskatu du, eta palestinarren nahiari bide egiteko.
Liskarrak jazo badira ere aurtengo Nakba eguna aurreko urteetan baino lasaiagoa izan dela adierazi du Israelgo Poliziak. Jerusalem Mendebaldean dagoen Issawiya auzoan lau lagun atxilotu dituzte, eta beste bi Zisjordania iparraldean. Azken horiei lau bonba txiki eta pistola bat atzeman dizkiete. Iaz, Nakba egunez Israelgo armadak hamabost lagun hil zituela ere gogorarazi dute palestinarrek.
Akordioaren biharamuna
Nakba egunak preso palestinarrek Israelekin lortutako akordioarekin bat egin du aurtengoan. Presoek gose greba utzi zuten astelehen gauean, Israelek hainbat baldintza onartu ondoren. Bakartze zigorrak etetea, senideen bisitak onartzea eta atxiloketa administratiborik ez berritzea onartu zuen Tel Avivek. Akordio horrekin batera, 100 ekintzaile palestinarren hilotzak senideei itzultzeko asmoa iragarri du Israelek. «Erasoak prestatzen ari zirenean hildako 100 terroristen hilotzak itzuliko dizkiogu PANi».
Mahmud Abbasi eginiko «keinua» dela dio Tel Avivek. Abbasek negoziazioetara itzultzeko Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari igorritako eskutitzaren ondoren, horrek aurrebaldintzarik gabe hitz egiten hasteko eskatu zion palestinarren baldintzei entzungor eginez. Haaretz egunkariaren esanetan, Abbasek hiru eskaera egin zizkion orduan Isaac Molho Netanyahuren negoziazioetarako ordezkariari: preso palestinarren gose greba amaitzeko «malgua» izatea, hildako ekintzaileen hilotzak itzultzea eta Osloko Akordioak baino lehenagotik (1993) preso daudenak aske uztea. Lehen bi eskaerak bete badituzte ere, «presoak askatzeko erabakirik ez dago oraingoz», Israelgo Gobernuko kide batek Haaretzi esandakoaren arabera. Tel Avivek adierazi du hildakoak «omenaldirik» gabe lurperatzea espero duela.
PANek, berriz, EB Europako Batasunak Ekialde Hurbilaren inguruan herenegun esandakoa txalotu du. Izan ere, Israelen ekintza batzuk etorkizunean bakea eraikitzeko oztopo direla adierazi zuten EBko herrialdeetako Atzerri ministroek adostutako testuan. Estatu palestinarra eraikitzeari «babesa» ere eskaini zioten idatzian, eta eskualdean bakea, egonkortasuna eta oparotasuna lortzeko palestinarren nahiak kontuan hartu behar direla nabarmendu zuten.
Protesta artean gogorarazi dute palestinarrek Nakba eguna
Manifestazio jendetsuak egin dituzte «itzultzeko eskubidea» aldarrikatzeko; 80 lagunetik gora zauritu dituzte RamallahenIsraelek jakinarazi du PANi 100 ekintzaile palestinarren gorpuak itzuliko dizkiola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu