Greziako Parlamentuak onartu ditu 2011ko aurrekontuak. Defizita txikitzeko gastua murriztu eta zergak igoko dituzten aurrekontuak dira, eta parlamentariek botoa ematen zuten bitartean, kalean milaka eta milaka pertsonek protesta egin zuten Gobernuaren kontra. Sindikatuek hiru orduko lan etena egitera deitu zuten, eta garraio publikoan eta pribatuan egun osoko greba egin zuten.
Legebiltzarrean, ordea, George Papandreu lehen ministroak arazorik gabe atera zituen aurrera bere gobernuaren aurrekontuak, PASOK alderdiaren 156 botoekin (300 eserleku ditu Legebiltzarrak). "Ahal dugun guztia egingo dugu aurrera atera eta herrialde hau aldatzeko", esan zuen Papandreuk bozketa hasi aurretik. Krisia gainditzeko Europako Batasunak gehiago lagundu behar dituela ere esan zuen.
Maiatzean Europako erreskate poltsatik laguntza jaso bazuen ere, Greziak ez ditu bete urte amaierarako espero ziren aurreikuspenak. Aurten gastu publikoa %15 murriztu du Greziak, erretiroa hartzeko adina atzeratu du eta pentsioak bere horretan atxiki ditu. Antonis Samaras oposizioko buruak onartu berri dituzten aurrekontuekin krisia sakondu besterik ez dutela egingo aurreratu du. "Gobernuaren politika Barne Produktu Gordina murrizten ari da, difizita murriztu baino gehiago", esan du.
Krisia
Protesta artean onartu ditu Greziako Legebiltzarrak 2011ko aurrekontuak
PASOK alderdiaren 156 botoekin gehiengo osoz onartu dira. George Papandreu lehen ministroak Europako Batasunaren laguntza handiagoa eskatu dio krisia gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu