Herenegun jakinarazitakoa ofizialki publiko egin du Nazioarteko Zigor Auzitegiak, izenak eta karguak zehaztuz: Muammar Gaddafi Libiako buruzagia gizateriaren aurkako krimenak egin dituelakoan ikertuko du. Herrialdean erreboltak hasi zirenetik (otsailak 15) gertatutako errepresio ekintzak ikertuko ditu Hagako fiskal nagusi Luis Moreno-Ocampok. Gaddafirekin batera, haren hurbilekoak ere akusazio berberagatik susmopean paratu ditu Moreno-Ocampok. Sudango presidente Omar Al Bashir izan da orain arte Hagan ikertutako estatuburu bakarra —Gaddafik ofizialki ez du estatuburu kargurik, baina hala da praktikan—.
Moreno-Ocampok jakinarazi duenez, Gaddafirekin batera susmopean daude haren «seme-alabetako batzuk» eta erregimeneko zenbait goi kargudun —Atzerri ministroa, segurtasun eta zerbitzu sekretuen buru Musa Kusa, Gaddafiren segurtasun pertsonalaren arduradun Abdulkader Jusef Dibri eta kanpo segurtasuneko arduradun Abu Zaid Dorda—. Moreno-Ocamporen arabera, pertsona horiek lirateke ikertutako delituen arduradunak, tropen gaineko agintea «de facto edo formalki» baitute.
Fiskalak azaldu duenez, Libiako biztanleen aurka egindako «delitu larrien froga anitz» bildu dituzte. Gutxienez bederatzi gertakari identifikatu ditu Fiskaltzak. Horien artean daude Bengazin otsailaren 15-20 bitartean egindako 257 hilketa, inguruko herrietan eragindako bertze 26 heriotza eta Misratan Poliziak hildako hamalau manifestariren kasua. Legez kanpoko atxiloketak ere ikertuko ditu Hagak. Auzitegiko iturrien arabera, egotzitako delituak ezin dira genozidiotzat hartu.
Gaddafiren erregimenak, berriz, ikerketa «txantxa bat» dela erran du. Libiako Gobernuaren bozeramaile Moussa Ibrahimen ustez, akusazioak hedabideen bidez eskuratutako informazioan oinarritzen dira, Nazioarteko Zigor Auzitegiak ez duelako ikerketarako misiorik bidali Libiara.
Ikerketa oraingoz erregimenak egindakoaren inguruan abiaraziko duten arren, Moreno-Ocampok ohartarazi du oposizioa ere jomugan egon litekeela. «Ez da zigorgabetasunik egonen Libian. Krimenak egin badituzte, haiek ere erantzuleak izanen dira». Fiskalak espero du «hilabete gutxiren buruan» ikerketaren emaitzak epaileei aurkeztea. Moreno-Ocampok ikerketan edukiko duen aholkularietako bat Baltasar Garzon epailea izanen da.
Brega, posizio estrategikoa
AEBetako presidente Barack Obamak, berriz, Gaddafiren aurka «aurrekaririk gabeko zigorrak» hartuko dituztela adierazi du, baina ez du zehaztapenik egin. «Haren [Gaddafiren] laguntzaileei jazarri eginen diegu, eta erantzukizunak eskatuko dizkiegu». Gaddafik «joan» egin behar duela adierazi du Obamak, «sinesgarritasuna» galdu duelako.
Gatazkari dagokionez, borrokaleku nagusia Libiaren ekialdeko Brega herrian egon da azken egun hauetan —herenegungo bonbardaketetan gutxienez hamar lagun hil ziren—. Erregimenak atzo ere herria bonbardatu zuen, berri agentziek hango lekukoak aipatuz jakinarazi dutenez. Ez dute hildakoen berririk eman.
Brega oposizioaren esku dago. 7.000 biztanleko herria da, Bengazitik 200 kilometro mendebaldera eta Tripolitik 800 kilometro ekialdera. Herri txikia izan arren, balio estrategiko handia du, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, petrolio hobi garrantzitsua du, eta, bertzetik, Gaddafik herria eskuratuz gero, Ajdabija hirirantz jotzea errazago izanen luke.
Hain zuzen ere, erregimenak Ajdabija ere bonbardatu zuen atzo, oposizioko iturriek jakinarazi dutenez. Al Jazeeraren arabera, arma biltegiak izan dira hegazkinen helburu. Ajdabija Bregatik 70 kilometro ekialdera dago. Azken egunetan Ajdabijako boluntario ugari joan dira Bregara Gaddafiren indarren aurka borrokatzeko asmoz. Herenegungo borroketan hildako sei boluntarioren hiletak egin zituzten atzo Ajdabijan. 2.000 lagun inguru elkartu ziren. Monarkiaren aroko bandera ugari erakutsi zituzten han elkartutakoek, eta milizianoek airera tiro egin zuten.
Gaddafiren erregimenak azken egunotan erasorako ekimena hartu duen arren, gatazka militarra trabatuta gelditzen hasi da. Hegazkinak erabili arren, erregimeneko indarrek ez dute lortu ekialdeko hiririk berreskuratzea, eta oposizioak alde jarritako militarrekin eta gaizki entrenatutako milizianoekin irabazitako posizioei eutsi die. Hala ere, Tripolirantz erasoaldia jotzeko gaitasunik ez du erakutsi oposizioak; gainera, herenegun NBE Nazio Batuen Erakundeari erregimenaren aurka aire erasoak egiteko eskatu zion, oposizioaren armadak «izaera defentsiboa» duela argudiatuz.
Gaddafiren jaioterrira martxa
Tripolira ez, baina Gaddafiren jaioterrira, Surtera joateko asmoa du Libiako Gazteen Batasuna izeneko oposizioko taldeak. Horretarako, milioi bat ibilgailu elkartzeko asmoa duen martxa «baketsua» hasiko du gaur Bengazin. Surt Bengazitik 600 kilometro mendebaldera dago, eta Gaddafiren aldekoek erabateko nagusitasuna dute han.
Hiri horretan Herbehereetako hiru soldadu preso ditu Libiako erregimenak. Helikopteroan Surtera joan ziren soldaduak, bi zibil handik ateratzeko asmoz, Herbehereetako Defentsa Ministerioaren arabera. Zibil horiek Libiatik atera direla jakinarazi du iturri berberak.
Protestak herrialde arabiarretan
Protesten errepresioagatik Gaddafi ikertuko du Hagako auzitegiak
Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzi die Libiako buruzagiari eta haren ingurukoeiObamak dio «aurrekaririk gabeko zigorrak» hartuko dituztela erregimenaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu