PSOE ziur dago Rubalcaba eta Chacon idazkari nagusi izateko lehiatuko direla

Otsailaren 2, 3 eta 4an egingo dute kongresua Espainiako sozialistek; mila ordezkarik eman ahal izango dute botoa

Erredakzioa
2011ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Joan den asteko hauteskundeetan izandako porrotaren ostean, PSOE etorkizunari begira jarri da. Otsailaren 2, 3 eta 4an biltzarra egingo du Sevillan, idazkari berria aukeratzeko. Oraindik inork ez du bere burua aurkeztu, baina Espainiako sozialistek ziurtzat jotzen dute Alfredo Perez Rubalcaba azken bozetako presidentegaia eta Carme Chacon Defentsako jarduneko ministroa aurkeztuko direla. Mila ordezkari inguruk izango dute botoa emateko eskubidea.

Alderdiko batzorde federala Madrilen bildu zen atzo, 38. kongresua prestatzen hasteko. Hautagaitza aurkezten duen orok biltzarraren aurretik batzorde federaleko kideen %10en babesa lortu beharko duela adostu dute—orain arte %15en babesa behar zen—, edo biltzarrean bertan partaideen %20rena. Hain zuzen, alderdiko hainbat iturriren arabera, posible da Rubalcabak nahiz Chaconek azken egunera arte itxarotea hautagaitza aurkezteko. Horrek, euren buruaren aldeko kanpaina egiteari uko egitea esan nahiko luke.

Oposizioan, programa bera

Batzorde federalean egindako hitzaldian, hauteskundeetara aurkeztutako programa defendatu du Rubalcabak. «Gobernuan egongo bagina, programa hori erabiliko genuke, eta oposizioan gauza bera egin behar dugu». Defentsa horren atzean, bere burua aurkezteko asmoa ikusi dute alderdiko kideek. Bileran, batek bakarrik eskatu dio ez aurkezteko: Juan Antonio Barrio de Penagos-ek, Ezker Sozialistaren ildoko bozeramaileak. «Sozialistok proiektu berri bat dugula esan, eta horren buru Felipe Gonzalezen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuetan egon den bat jartzeak ez du sinesgarritasunik gizartearentzat», adierazi du.

Zapatero Espaniako jarduneko presidenteak ere hitz egin du. Bozetako porrotaren arrazoi nagusia krisia izan dela esan du, eta alderdiko kideei eskatu die «erantzukizunez» joka dezatela oposizioan ere, «Espainiaren egoera oso larria delako oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.