Espainia

PSOEk eta ERCk "aurrerapausoak" nabarmendu dituzte bilera ostean

Bi aldeek ohar bateratu bat kaleratu dute, baina ez dute hurrengo bilerarako egunik zehaztu.

PSOE eta ERCko kideak bilduta, Bartzelonan. ANDREU DALMAU, EFE
2019ko abenduaren 10a
13:31
Entzun

Dagoeneko ezinezkoa du Pedro Sanchez jarduneko gobernuburuak datorren astelehenean inbestidura saiorik egitea, eta ikusteko dago urte bukaera baino lehen egin ahal izango den ere —zenbait iturrik abenduaren 26a aipatzen dute—. Sozialistek lehenbailehen nahi dute akordioa, baina Esquerrakoek ez dute presarik, eta aste honetan bertan iragarri dute jakin nahi dutela zer gertatzen den Oriol Junquerasen immunitatearekin —auzitegiek abenduaren 19an jakinaraziko dute erabakia—.

Horiek hala, Bartzelonan egin dute oraingoz hirugarrena eta azkena izango den bilera. Hiru ordu egin dituzte bilduta, eta handik ateratakoan elkarrizketak "aurrera" doazela nabarmendu dute biek ohar batean, baina zehaztasun gehiagorik gabe. Ez dute argitu hurrengo bilera noiz izango den ere, soilik egin egingo dutela. "Gatazka bideratzeko beharrezko tresnak identifikatzeko lanetan aurrerapausoak egin ditugu"; horixe dio komunikabideetara bidalitako idatziak. 

Junts per Catalunyak ere egin du urratsik elkarrizketak errazteko. Haiek inbestidura saioan ezezkoa bozkatzearen aldekoak diren arren, iragarri dute erretiratu egingo dutela Parlamentuan aurkeztekoa zuten autodeterminazioaren aldeko mozioa. "Erabakia politikoa da. Eztabaida horrek oztopatu egin ditzake negoziazioak", azaldu du Eduard Pujol eledunak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.