Igandean Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan kolpe latza hartu —110 diputatu, %29— eta aste osoa burua altxatu gabe egon ostean, PSOE hasi da etorkizunera begira, eta gaur Madrilen Batzorde Federalak erabaki du datorren urteko otsailaren 3, 4 eta 5ean egitea zuzendaritza berria hautatzeko biltzarra. Sevillan izango da bilkura; ohiko biltzarra, hain zuzen.
Gaur inork ez du PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu, baina ziurtzat jotzen dute Alfredo Perez Rubalcaba azken bozetako presidentegaia eta Carme Chacon Defentsako jarduneko ministroa aurkeztuko direla. Hautagaitza aurkezten duen orok biltzarraren aurretik Batzorde Federaleko kideen %10eko babesa lortu beharko du edo biltzarrean bertan partaideen %20arena.
2000tik Jose Luis Rodriguez Zapatero da PSOEko idazkari nagusia. 2004tik Zapatero bera da Espainiako Gobernuko presidentea, baina Mariano Raxoi PPko lehendakariak hartuko dio lekukoa, abenduan. PPk irabazi ditu hauteskundeak: 186 diputatu, gehiengo osoa %44,6rekin.
Rubalcabak gaur bozetan izandako programa defenditu du. Bileran, bakar batek baino ez dio eskatu ez aurkezteko: Juan Antonio Barrio de Penagos Izquierda Socialista ildoko bozeramaileak.