Bederatzi urteko ikerketa baten ostean, Sevillako Auzitegiak gaur eman du Andaluziako enplegu-erregulazio espedienteei buruzko lehen ebazpena. 2000. eta 2009. urteen artean Andaluziako Gobernuko kide izan ziren 21 goi kargudun zeuden inputatuta, eta horietatik hemeretzi zigortu ditu auzitegiak, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik. Nabarmenenak, berriz, gobernuko presidente izandako Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves dira; Griñani sei urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta, Chavesi, kargudun publiko bat izateko inhabilitatzea bederatzi urtez. Auzitegiak ateratako ondorioen arabera, presidente eta ministro ohiek bazuten Andaluziako Gobernuak bederatzi urtez (2000-2009) izan zuen finantzaketa sistemaren berri. Ebazpena ez da behin betikoa, eta kondenatuen defentsek jada adierazia dute Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko asmoa dutela.
Zazpi urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorrak ezarri dizkie auzitegiak Javier Guerrero Andaluziako Lanaren eta Gizarte Segurantzaren zuzendari ohiari eta Antonio Fernandez kontseilari ohiari, eta zazpi urtekoa Jose Antonio Vierari, kontseilari ohia hori ere. Kasuko beste izen garrantzitsuetako bati, Magdalena Alvarez Espainiako ministro ohiari, bederatzi urteko inhabilitazio zigorra ezarri diote prebarikazioagatik. Guztira, auzitegiak kartzela zigorra ezarri die 21 epaituetatik hamarri, inhabilitazioa bederatziri, eta absolbitu egin ditu bi. Fiskaltzak eskatutako zigorrak ia bere hartan onartu ditu Juan Antonio Calle epaileak.
Ikerketa amaigabea
Andaluzian inoiz izan den ustelkeria kasurik handienean 507 inputatu daude guztira; tartean, gaur ebazpena jakin duten Andaluziako Gobernuko bi presidente ohiak; euren gobernuetako sei aholkulari; eta garai hartako hamahiru goi kargudun —2000 eta 2009. urteen artekoak dira ikertutako kasuak—. Mercasevilla kasuan, 2009. urtean, enpresan inoiz lan egin ez zuten hainbat pertsona aurrez erretiratuta aurkitu zituen Espainiako Poliziak, eta, hari hartatik tiraka, erretiro aurreratua irregularki hartutako 6.000 pertsona baino gehiago zeudela argitu zuten. Asko, inputatutako politikarien gertuko pertsonak. Berez, krisia pairatzen ari ziren enpresei eta langileei laguntzeko zen Andaluziako Gobernuaren funts hura, baina ustelkeriaren aurkako fiskaltzak 680 milioi euroko iruzurra egotzi die. Epaituak ebazpenaren zain zeuden 2018ko abenduaren 17tik, 152 saioren ostean epaiketa amaitutzat eman zenetik. Epaiak 1.700 orri inguru ditu.
Espainiako politikan zeresan handia eman du kasuak. PP eta PSOE alderdi nagusiei eragin diete ustelkeria kasuek azken urteetan, eta PPkoek enplegu-erregulazio espedienteen kasua erabili dute Gurtel auziaren kontrapisu gisa. Epai hark Mariano Rajoy Espainiako presidentearen aurkako zentsura mozio bat eragin zuen.