Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketa egitea debeka dezake, Puigdemont bera kargugabetu dezake, eta beste hainbat neurri ere har ditzake, baina haiek denak alferrik izango direla ohartarazi du Puigdemontek berak. "Konstituzionalak inhabilitatzen banau, ez dut erabakia onartuko. Kataluniako Parlamentuak bakarrik egin dezake hori". Gainera, ohartarazi du Konstituzionalak galdeketa debekatzen badu ere ez diotela hari uko egingo.
"Herritarrekin eta parlamentuarekin daukagun konpromisoa argia da: gure aldarrikapenak hautetsontzietan konpondu behar ditugu. Ez suspentsioek eta ezta mehatxuek ere ezingo dute galerazi katalanek beren etorkizuna modu demokratikoan erabakitzea". Hori bai, Generalitatea botoa emateko aukera bermatzera mugatuko dela jakinarazi du, eta ez duela bere iritzirik emango boto jakin baten alde.
Saiatu, saiatuko da Espainia. Erreferenduma ez dutela finantzatzen bermatzeko astero txostenak igortzeko agindu zion joan den astean Espainiak Kataluniari, eta egin ezean FLA Likidezia Funts Autonomotik jasotzen duen dirua etengo diola ohartarazi zion. Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ere bide bereko adierazpenak egin ditu gaur, eta Kataluniako Gobernuari ohartarazi dio erreferenduma posible egiteko aurrera eraman dezaketen edozein ekimen legez kanpokoa dela, eta ondorioak izango dituela.