Puigdemonten kontrako euroagindua indarrean jarri zuen berriz ere Espainiako Auzitegi Gorenak, joan den ostiralean, hamahiru buruzagi independentista auzipetzeko prozedimendu autoa argitaratu ostean. Agindua eman eta bi egunera atxiki dute Puigdemont; Alemanian, Danimarkako muga zeharkatu eta 30 kilometrora, Finlandiara eginiko bidaiatik Belgikara itzultzen ari zela. Alemaniako Poliziak CNI Espainiako inteligentzia zerbitzuekin elkarlanean eginiko operazioan atxilotu du, eta Neumunstergo kartzelan da, Poliziaren zaintzapean. Gaur eraman dute epailearen aurrera, eta hark erabakiko du Espainiaren estradizioa eskaria tramitera onartzen duen ala ez. Tramitera onartuko balu, eskaria aztertu bitartean Puigdemont espetxera bidaltzen duen ala baldintzapean aske uzten duen ere erabaki beharko du.
Neumunsterreko lehen instantziako epaitegi batek hartuko du Puigdemont. Kataluniako presidente kargugabetua identifikatzea izango da haren lehen eginkizuna. Epaitegiak Espainiaren eskaria aztertu behar dela ebatziz gero, hainbat astez edo hilabetez luza daitekeen prozesu bat abiatuko du, Puigdemonten egoera aztertu eta hura espainiaratu ala ez erabakitzeko.
Puigdemont Schleswig-Holstein landerrean atxilotu zutenez, Schleswigeko estatu fiskalari dagokio Puigdemont estraditatzea egoki den ala ez aztertzea. Egoki joz gero, Schleswigeko Lurralde Auzitegiari jakinaraziko dio, hark aldeei entzun ondoren erabakia har dezan. Prozesuak gehienez ere 60 egunez luzatu daiteke.
Estradizioa egin ahal izateko, ezinbesteko baldintzetako bat da herrialde eskatzaileak eta herrialde hartzaileak akusatuari leporatzen zaion delitu bera jasotzea haien legedietan. Espainiak matxinada delitua leporatzen dio Puigdemonti, eta, Alemaniak delitu hori bere legedian jasotzen ez duen arren, haren baliokide gisa interpreta daitekeen traizio altuko delitua jasotzen du. Delitu hori leporatu ahal izateko, indarkeriaren erabilera edo indarkeria erabiltzeko mehatxua frogatzea beharrezkoa da, eta hamabi urtetik bizi guztiko espetxealdira —25 urte— arteko zigorra izan dezake.
Alemaniak ezin du inor "arrazoi politikoengatik" estraditatu, bere legedian jasotzen duenez. Hori izan daiteke Puigdemonten defentsaren aurgudio nagusietako bat. Jaume Alonso-Cuevillas Puigdemonten abokatuaren esanetan, denfentsaren estrategia izango da epaileari adieraztea Puigdemontek ez lukeela epaiketa justu bat izango Espainian, argudiatuta Llarena epailearen eskuetan den auzian ez direla errespetatu oinarrizko bermeak.
Kataluniako presidente erbesteratuaren atxiloketa salatzeko, mobilizazio jendetsuak izan ziren, atzo, Katalunian.
Ponsati, Eskoziako Poliziaren aurrera
Clara Ponsati Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohiak bere burua aurkeztuko du Eskoziako Poliziaren aurrean, haren abokatu Aamer Anwarrek adierazi duenez. Ponsati Kataluniako erreferendumarekin lotutako auzian auzipetuta dago, eta Espainiak haren kontrako euroagindua eman zuen joan den ostiralean. Anwarren esanetan, Ponsatik epailearen aurrean deklaratuko du. "Aske uztea espero dugu, eta hemendik aste edo hilabete batzuetara epaiketa bat egitea".