Carles Puigdemont Kataluinako presidenteak babesa agertu die, erreferendumaren alde agertzeagatik, Espainiako Fiskaltzaren aginduz deklaratzera deituta dauden 700 alkateri baino gehiagori. Puigdemontekin batera izan dira Carme Forcadell parlamentuko presidentea eta Ada Colau Bartzelonako alkatea ere.
Hiru agintariek batasun irudia eman dute Kataluniako alkateen gehiengo zabalarekin batera, eta, argazki horren babesarekin, oharra bildali die Puigdemontek Espainiako agintariei: "Ez dezatela gutxiets Kataluniako herriaren indarra". Beste behin ziurtatu du urriaren 1ean kataluniarrek bozkatu egingo dutela. "Ez soilik eskubidea dugulako eta legala delako, baita bozkatu nahi duen Kataluniako herriari entzuten diogulako ere".
Presidenteak Espainiako Estatuaren jarrera "antidemokratikoa" deitoratu du. "Oinarrizko eskubideak bahitu" dituela salatu du.
Fiskaltzak deklaratzera deitu asmo dituen 700 alkateri baino gehiagori, berriz, esker ona adierazi die, ohartarazpenen aurrean ez direlako kikildu.
Ada Colau Bartzelonako alkateak ere elkartasuna adierazi die fiskaltzaren ikerketapean diren alkateei. Adierazi duenez, "sekula demokrazian ikusi gabeko egoeran" daude Katalunian, eta ziurtatu du "herri bakar bat bezala" erantzungo dutela, "ezberdintasunen gainetik". "Kontua ez da independentzia bai ala ez", esan du, "eskubide eta askatasun kontua da".
Rajoyk, "legalitatea eta arrazionaltasuna" aldarri
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere erreferendumaren aldeko alkateak izan ditu hizipide, Galizian. Gauza bakarra egin behar dutela adierazi du: "Legea bete dezatela". Alkateei ez ezik, Kataluniako gainerako agintariei ere hausnarketa galdegin die Espainiako presidenteak, eta "legalitatera eta arrazionaltasunera" itzultzera deitu ditu.
Rajoyren esanetan, urriaren 1ean ez da erreferendumik egingo, "espainiarren gehiengoaren borondatea suntsitzea" litzatekeelako. Hala, erreferendumaren aurka dauden kataluniarrei "lasai" egoteko eskatu die. "Egoera desatsegina da, baina ziur nago ura bere bidera etorriko dela".