"Denek argi eduki dezatela: ez dut amore emango, ez diot ukorik egingo, ez naiz erretiratuko, boto kutxetan galdu dutenen jardun bidegabearen aurrean, eta ezta 'aberriaren batasunagatik' zuzenbide estatua eta justizia abandonatzearen prezioa pagatzeko prest daudenen arbitrarietatearen aurrean ere".
Mezu argi hori idatzi dute Carles Puigdemonten Twitterreko kontuan. Alemaniako fiskaltzak zer jarrera hartuko zain dago oraindik, Neumunsterreko espetxean.
Efe albiste agentziaren arabera, asteartean izango dira albiste gehiago. Schleswig-Holsteingo fiskal nagusiak estradizio eskariari buruzko idatzi bat aurkeztuko du egun horretan. Ralph Doepper fiskal nagusiak albiste agentziari esan dio: "Lanean jarraitzen dugu, eta espero dugu gure erabakia asteartean aurkeztea". Matxinada eta diru publikoa modu bidegabean erabiltzeko akusazioak eta Espainiak igorritako dokumentuak aztertzen ari dira.
Asteartean fiskalaren txostena auzitegira iristen bada, epaileak erabaki beharko du Pugidemont baldintzapean aske utziko duen, edo kartzelan mantenduko duen. Der Spiegel astekariaren arabera, Merkelen gobernuak propio erabaki du betorik ez planteatzea eta politikak justizian esku ez hartzea auzi honetan.
Brandenburgon, igandeko 12:00etan
ANCk, berriz, Alemaniara eraman du Kataluniako egoeraren salaketa. Berlinen, Branderburgoko atearen aurrean, manifestazio bat egingo du igandean. Carles Puigdemont aske uzteko eta estradizio eskariari men ez egiteko eskatuko dute.
12:00etan hasiko da protesta, Konponbide politiko baten alde: preso politiko katalanak askatu leloa hartuta. Egunotan Alemaniako hainbat hiritan protestak egin dituzte han bizi diren katalanek, edo haien sustengu taldeek; Munichen, Karlsruhen eta Sttutgarren, besteak beste.
CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek, berriz, autobideetan bidesariak ez ordaintzeko dei bat zabaldu dute; herritarrek, errepresioaren aurka, desobedientzia jarrerak hartzea nahi dute