Ikasturte politikoa hasteko balio ohi duen politika orokorreko eztabaidan murgilduta dago gaur eta bihar Kataluniako Parlamentua. Carles Puigdemont presidenteak eman du lehenbiziko hitzaldia; ordu eta erdiz aritu da bere gobernuaren orain arteko kudeaketaz eta datozen hilabeteotarako egitasmoez, baina ez ditu independentzia edo erreferenduma aipatu amaierara arte. "Une historikoan gaude", esan du soilik: "Orain, arazoak bozkatuz konpontzen dira". Arlo juridikoaz eta sozialaz aritu denean, ordea, behin baino gehiagotan nabarmendu du egitura beregainak izateko beharra –"Justiziak ere katalana izan behar du" esan du, Madrildik heldu izan zaizkien helegite eta auziei erreferentzia eginez–, eta ez du aukera galdu CUPi aurrekontuetarako babesa eskatzeko.
Puigdemontek aurreko astean jakinarazi zuen erreferenduma egiteko bere asmoa, parlamentuari konfiantzazko botoa eskatu zionean. Datorren urteko irailean egitea proposatu zuen. Ordura arte Espainiako Gobernuarekin adosten saituko litzateke Kataluniakoa, baina azkenean erantzunik helduko ez balitz ere berdin antolatuko lukeela agindu zuen. Trukean, 2017ko aurrekontua onartzen laguntzeko eskatu zion CUPi, gobernuak haren botoen beharra duenez gero gehiengora iristeko.
Egunotan hainbat bilera egin dituzte parlamentuko alderdi independentistek eta erabakitzeko eskubidearen alde daudenek. Izan ere, erreferendumaren aldeko apustuaren helburua ez da soilik Junts Pel Si eta CUPen arteko harremana leuntzea: Catalunya Si Que Es Poten babesa ere bilatzen dute. Bi alderdiek publiko egin dituzte jada egunotan aurkeztuko dituzten proposamenak: CUPek prozesu konsituziogile bat eta aberastasunen banaketa aintzat hartuko dituen aurrekontu bat eskatu ditu, eta CSQP-ek erreferendumaren alde "gehiengo zabalak batzeko moduko proposamena" egingo duela iragarri du. Talde parlamentarioek gaur eta bihar artean eztabaidatuko dituzte proposamen guztiak, eta, Kataluniako hedabide batzuek iragarri dutenez, litekeena da bi ebazpen bereizi bozkatzea biharko saioan: bata, subiranisten artean, galdeketaren nondik norakoak zehaztuz; eta bestea, erabakitzeko eskubidearen alde daudenen artean, batasun zabalagoaren adierazgarri.