Herri gisa "pultsua" mantentzeko unea dela esan du Puigdemontek. Elkarrekin aritu behar direla, eta "bakea, zibismoa eta duintasuna" ez dituztela galdu behar. Legebiltzarrean izan diren 500 alkate baino gehiago eta deklarazioaren aldeko botoa eman duten diputatuak zituen aurrean Puigdemontek hitzok egin dituenean, eta honakoa esan die: "Inork baino hobeto ordezkatzen duzue batasun hori, herri bat eraikitzeko behar den instituzioen eta herritarren arteko koordinazioa, konplizidadea eta elkartasuna".
Herritarrek hainbeste desio zuten eta hainbeste itxaron duten mandatua bete dutela nabarmendu du, gainera. "Gaur, gure herriko Legebiltzarrak, zilegitasun osoa duen legebiltzarrak, hautetsontzietan jasotako mandatua bete du".
"Kataluniako herritarrok: guztioi pultsua mantentzea tokatuko zaigun orduak datoz. Gure herria bakearen, zibismoaren eta duintasunaren eremuan mantentzeko". Hitzaldia "bihotzetik, emoziotik, arrazoitik eta zilegitasunetik" egindakoa izan dela esan du Puigdemontek.
Generalitateko kideetako inork ez du hitz egin legebiltzarrean gaur. Oriol Junqueras presidenteordeak ere eskaileretan hitz egin du, eta azpimarratu du Kataluniako errepublika "balore unibertsaletan" oinarritzen dela. Horregatik, beren ekintzen borondatea "mundu osoak" ulertzen duela. Herritarrei konfiantza izateko eskatu die "orainaldiko eta etorkizuneko erronketarako".
Errespetua azaldu die Espainiako herritarrei, "elkarrekin etorkizun hobea" eraikitzeko deia egin die, baina orain "errespetu eta askatasun erabatekotik, estatu baten, erremintekin".