Carles Puigdemont Generalitateko lehendakariak twitter bidez argi eta garbi adierazi du obeditu egingo dutela, baina ez Auzitegi Konstituzionalaren erabakia, baizik eta Kataluniako Parlamentuaren erabakia:
Presazko bilera egin du gaur Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. 12:30ean batzartu da, erabaki bat hartzeko Kataluniako Parlamentuak batzorde konstituziogilearen ondorioak onartu izanaren inguruan. Bertan behera utzi du legebiltzarrak joan den astean onartutakoa, eta ohartarazpen zuzena egin die Carme Forcadell parlamentuko presidenteari eta Carles Puigdemont Generalitateko lehendakariari; 11 magistratuek adierazi dute erantzukizun penalak izan ditzaketela suspentsio horri entzungor egiten badiote.
Kataluniako Parlamentuak hogei eguneko epea du orain helegiteak aurkezteko.
Zehazki, erabakiko du zein neurri hartuko dituen bermatzeko "deskonexio prozesuaren" aurka auzitegi horrek berak emandako ebazpena nola betearaziko duen. Espainiako Gobernuak ministroen kontseiluan onartu du exekuzio intzidentea aurkeztea, eta auzitegiari eskatu dio bide penala abia dezala Forcadell Kataluniako Parlamentuko lehendakariaren aurka, desobedientzia delitu bat egin duelakoan.
Junts Pel Si eta CUP bat etorri dira; auzitegiak Forcadellen aurka eginez gero, "itzuli ezinezko puntua" litzateke, eta agerian utziko luke "diputatu katalanen oinarrizko eskubideen aurka" egin nahi dutela.
Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteari ere mintzatu zitzaion Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramailea ostiralean. Generalitateari eskatu zion ez dezala inolako neurririk hartu deskonexio legeak betetzeko bidean, eta gogoan izan ditzala "isunak eta, beharrezkoa den denboran, kargugabetzeak". Mehatxu egin zuen Saenz de Santamariak: "Hala egin ezean, erantzukizun penalak eskatuko ditugu".
Forcadellek hainbat elkartasun mezu jaso ditu sare sozialetan, eta honela erantzun die: "Inoiz baino konpromiso handiagoa [Kataluniako] Parlamentuaren askatasunarekin edozein gai eztabaidatzeko. Eskerrik asko zuen babesagatik".