Katalunia

Puigdemont sedizioa egotzita Espainiaratzea proposatu du Llarenak

Txostenetan jasotzen diren ekintzak azter ditzatela eskatu die Goreneko epaileak Alemaniako magistratuei, eta ez ekintzei ezarritako "izendapen juridikoa".

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epailea, artxiboko irudi batean. BALLESTEROS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko maiatzaren 11
08:06
Entzun

Urriaren 1ean eta aurreko nahiz ondorengo egunetan gertatutakoa matxinada delitua izan zela dio Pablo Llarena epaileak, alegia, indarkeriazko delitua izan zela. Baina Alemaniak gertatutakoa indarkeriarik ez zela egon ulertuko balu, beste alternatiba bat eskaini die Alemaniako magistratuei, Carles Puigdemonti sedizioa egotzi eta Espainiaratzea. Izan ere, bigarren delitu horrek ez du indarkeriaren erabilera jasotzen, eta matxinadak, aldiz bai.

Horiek hala, Llarenak garrantzia kendu dio delituaren izendapenari eta egun haietan gertatutakoaren kontakizunean oinarritzeko eskatu die Alemaniako auzitegiei. Alegia, hausnar dezatela Alemanian delitu ote litzatekeen Konstituzioa bertan behera uzteko ahalegina, hura indarkeriazkoa izan ez arren. Aldiz, Llarenak ez luke onartuko Puigdemont Espainiaratzea soilik diru publikoaren erabilera okerra egiteagatik.

Bestalde, fiskaltzak eskatuta epaileak onartu du auzia bitan banatzea: justiziaren esku daudenen aurkakoa batetik, eta erbestean daundenen kontrakoa bestetik. Bigarren atal horretan leudeke Puigdemont bera, Antoni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig eta Clara Ponsati kontseilariak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta CUPeko diputatu Anna Gabriel.

Gorenak berretsi egin du 23 auzipeturen kontrako prozesamendua, besteak beste Puigdemontena. Pablo Llarena epaileak orain arteko irizpideei eutsi die eta defendatu egin du auzipetuei matxinada, desobedientzia eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzea, baina, kasu honetan ere beste aukera batez hitz egin du lehen aldiz; auzipetuek indarkeria erabili zutela frogatzen ez bada, matxinadaren ordez, sedizioa eta matxinadaren konspirazioa egoztekoa. Kasu horretan, kartzela zigorrak leunagoak izango lirateke, zazpi eta hamabost urte artekoak, eta ez hamabost eta 25 urte artekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.