Katalunia

Puigdemonti eta Comini kendu egin diete Europako Parlamentuan sartzeko debekua

Kataluniako presidente kargugabetuak ganbera horren egoitzan sartzeko eskubidea galdu zuen iragan urrian, haren aurkako atxilotze agindua aktibatu zutenean.

Carles Puigdemont —erdian— eta Toni Comin —eskuinean—, asteon, Belgikan. EFE
2019ko abenduaren 19a
09:55
Entzun

Carles Puigdemont eta Toni Comin Europako Parlamentuaren egoitzan sartu ahalko dira. Efe berri agentziak jakinarazi duenez, hori egiteko debekua kendu diete, eta, hortaz, eurodiputatu akta jaso ez duten arren, gonbidatu gisa izan ahalko dira han. Europako Justizia Auzitegiak emandako ebazpenaren harira hartu du erakundeak betoa kentzeko erabakia.

Puigdemontek, esaterako, iragan urrian galdu zuen europarlamentuaren egoitzan sartzeko eskubidea, haren aurkako euroaginduagatik. 2017ko azaroan ere hori gertatu zen, eta ganberak neurri bera hartu zuen.

Europako Parlamentuaren erabakia jakin aurretik, Puigdemont Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuaren immunitateari buruz aritu da. Bruselan egindako agerraldian, buruzagi erbesteratuak adierazi du Luxenburgoren epaiari esker «aukera politiko berriak» ireki direla Kataluniako gatazkari begira, eta Espainiako zein Europako Batasuneko erakundeei dei egin die autokritika egiteko: «Erakundeen bitartekaritza eskatzen dut». Junqueras «bahituta» dagoela uste du, eta hura aske uztea exijitu du.

Europako Justizia Auzitegiaren arabera, maiatzeko hauteskundeetan eurodiputatu aukeratu zuten unetik beretik sartu zen indarrean Junquerasen lege babesa, eta, beraz, indargabetu egin behar zuten haren aurkako behin-behineko espetxealdia.

Hori bete izan balitz, Kataluniako presidenteorde kargugabetuak eurodiputatu akta hartu ahal izango zukeen maiatzean bertan; izan ere, epaiketa ekainaren erdialdean amaitu zen, eta horren epaia urrian jakinarazi zuten. Tarte horretan, Kataluniako presidenteorde kargugabetuak ez zuen oraindik zigorra jaso.

Testuinguru horretan, Andreu Van Den Eynde abokatuak jakinarazi du Junqueras aske uzteko eta sententzia bertan behera uzteko eskaria egingo diotela Espainiako Auzitegi Gorenari: «Immunitateak Gorenaren sententziaren baliogabetasuna dakar, immunitate horrek bere efektuak zabaltzen dituelako prozesu penal batean dagoen edozein parlamentarirengan».

Erabakiarekin, Junqueras doktrina aipatu du Van den Eyndek. «Europako hautesleen eskubideen babeserako erreferente bilakatuko da hau. Orain nire itxaropena da Junquerasi buruzko epaiak behar dituen ondorioak izatea; alegia, hura laster familiarekin ikusi ahal izatea», nabarmendu du abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.