Jordi Pujol (CiU) eta Pasqual Maragall (PSC) Generalitateko presidente izandakoek larunbatean Bartzelonako manifestazioan izango direla iragarri dute gaur eta, gainera, hedabideen adierazpena aurkeztu dute elkarrekin. Ondoan izan dituzte Kataluniako Legebiltzarreko bi presidente ohi: Joan Rigol -honek leitu du idatzia- eta Heribert Barrera.
Omnium Cultural Kataluniako plataformak antolatu du manifestazioa, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hango Estatutuari murrizketa garrantzitsuak egin ondotik. Katalanen erabaki eskubidearen alde aterako dira larunbatean. Nazioa gara. Guk erabakitzen dugu leloa izango du, eta plataformak edukiaren berri gaur eman die eragileei.
Pujol eta Maragallek katalanei "une garrantzitsu honetan" ez "errenditzeko" dei egin die. Bi buruzagi izandakoek jendaurrean azaltzeko "beharra" sentitu dute, eurek gaur aitortu dutenez. "Joan daitezela denak manifestaziora, herriaren duintasuna salbatu nahi duen oro. Errespetza gaitzatela. Hori dugu jokoan".
Nahiz eta Espainiako auzitegiak murrizketak egin itunari, Pujol eta Maragallek adierazi dute Katalunia "nazio" gisa aitor dezaten lanean jarraituko dutela eurek.
Auzitegi Konstituzionalak ekainaren 28an ontzat jo zuen Kataluniako Estatutua, baina murrizketa garrantzitsuak egin zizkion. Onartu egin du "Katalunia nazioa" dioen hitzaurreko esaldia, baina hitzaurreak ez du balio juridikorik. Gainera, auzitegiaren epaiak dio Espainiako Estatua "nazio zatiezina" dela. Bestetik, ez du onartu Katalunian katalana izatea administrazio publikoko "lehentasuneko hizkuntza", ezta Kataluniak botere judizial propioa izatea ere. PPk sartu zuen Kataluniako Estatutuaren aurkako helegitea, 2006ko uztailaren 31n, Espainiako Konstituzioa betetzen ez duelakoan.
PPk helegitea sartu aurretik, Kataluniako eta Espainiako legebiltzarrek eta Kataluniako herritarrek onartu egin zuten Estatutua: Kataluniako Parlamentuak 2005eko irailean onartu zuen, legebiltzarkideen %90eko babesarekin. Espainiako Kongresuak 2006ko martxoan onartu zuen, PPk soilik eginda kontra; Kataluniako herritarrek 2006ko ekainean erreferendumean jo zuten ontzat, botoen %74ko babesarekin. Ituna 2006ko abuztutik indarrean da eta Kataluniako Parlamentuaren eskumenetan dagoen %75 garatuta dago.
herrialde katalanak
Pujol eta Maragallek katalanei ez errenditzeko eskatu diete
Larunbatean Bartzelonan erabaki eskubidearen aldeko manifestazioan izango dira Generalitateko presidente ohiak. "Kataluniaren duintasuna salbatu nahi duen oro joan dadila. Errespetza gaitzatela. Hori dugu jokoan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu