Errusia. Presidentetzarako hauteskundeak

Putin, berriz ere lehen lerrora

Biharko hauteskundeetarako azken inkestek gehiengo osoa eman diote egungo lehen ministroari; ez luke bigarren itzulia beharHainbat taldek protestak antolatu dituzte etziko, iruzurra ziurtzat jotzen baitute

mikel rodriguez
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ezusterik ezean, Vladimir Putin Errusiako Estatuko buruzagitzara itzuliko da berriz ere. Azken inkesten arabera, bigarren itzulirik ere ez du beharko, bozen %50etik goiti lortuko baititu. Uste hedatuena da hori, oposizioko taldeak inkestekiko mesfidati agertu badira ere. Joan den abenduko Dumarako —parlamenturako— hauteskundeetan iruzur egin zutela salatu ondoren, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik izandako protesta jendetsuenak antolatu dituzte oposizioko taldeek, eta biharko bozetan horrek eragina izanen duen esperantza dute, gutxienez bigarren itzulia behartzeko. Hainbat taldek bozen aitzinetik ere ziurtzat jo dute berriz iruzur eginen dutela, eta protestak antolatu dituzte etziko. Putin, ordea, lasai agertu da kanpaina guztian, eta ez du arriskuan ikusten Dmitri Medvedev alderdikidearekiko erreleboa.

Azken inkestak Levada Zentroak eta Iritzi Publikoaren Fundazioak egin dituzte. Lehenbizikoaren arabera, Putinek bozen %66 lortuko ditu, eta, bigarrenaren arabera, %59. Dumarako hauteskundeetan Errusia Batua ez zen erdira ailegatu. Beraz, protestek Putinek hautesleengan duen sostenguan ez dute inolako eraginik izan, inkesta horien arabera. Bortz hautagaietan bigarren lekua Gennadi Ziuganov KPRF Errusiako Federazioko Alderdi Komunistako buruari eman diote, bozen %15-20 artean —Dumarako %20 lortu zituen KPRFk—. Gainerako hautagaiek, berriz,—Vladimir Zhirinovski muturreko nazionalistak, Sergei Mironov sozialdemokratak eta Mikhail Prokhorov magnateak— ez dute gaindituko %10eko langa, inkesta horien arabera. Bigarren itzulia eginen balitz, Ziuganov litzateke igarotzeko aukera gehien lukeena. Oposizio guztiak ez du argitu, ordea, Putinen aurka hautagai komunistari botoa emateko prest egonen litzatekeen.

Hirietako sostengua

Garri Kasparov Beste Errusia oposizioko koalizioko kidearen arabera —ez dago parlamentuan—, Putinek, irabazi arren, ez dio agintaldi osoari eutsiko, «hiri handietako herritarren %70» aurka dituelako. Atzerriko hedabideei egindako adierazpenetan, Putinek aitortu du hiri handietan «aldeko jende gutxiago» duela, baina, hala ere, oraindik «gehienen» sostengua duela uste du.

Kanpainaren amaieran bi kontuk sortu dute eztabaida gehien: iruzurrak eta protestek. Gobernuz kanpoko hainbat erakundek jakinarazi dute botoen zenbaketa alternatiboa eginen dutela, ondoren Hauteskunde Batzorde Zentralak egindakoarekin erkatzeko. Joan den abenduan, oposizioko alderdiek batzorde horretako buru Vladimir Txuroven dimisioa eskatu zuten, iruzurraren erantzule izatea egotzi baitzioten. Putinek ere, ordea, iruzurraren gaia erabili du kanpainan. Hain zuzen, bere garaipenari zilegitasuna kentzeko iruzur faltsua prestatzea egotzi dio Dumatik kanpoko oposizioari. Txurov haratago joan da, eta salatu du Interneten jada ustezko iruzurraren inguruan prestatutako bideoak daudela.

Dena den, oposizioak jada prestatu ditu etziko protesta deialdiak. Moskuko Udalarekin hitzartu dute Puxkin plazan biltzea. Duman ordezkaritza ez duten talde anitzek deitu dute hara, baina Ezkerreko Fronteko buru Sergei Udaltsoven arabera, KPRFko buruak agertzekoak dira. Protestetan talde aktiboenetakoa izan da Ezkerreko Frontea. Sergei Sobianin Moskuko alkateak ohartarazi die, baina, ez diela utziko plazan kanpamentu bat ezartzen. 2004an Ukrainan gertatutako Iraultza laranja delakoa gogora ekarri du Sobianinek, Kieven bozak errepikatu arte kanpatuta egon baitziren oposizioko jarraitzaileak.

Estatu ereduaren arkitektoa

1999ko abenduaren 31n ailegatu zen Putin presidentetzara, Boris Jeltsinek kargua utzi ondoren. Hurrengo martxoan bozak irabazi zituen, Txetxeniako bigarren gerran hartutako jarrera gogorrak hauspotutako nazionalismoari esker. 2004an berriz irabazi zituen bozak, eta zortzi urteko agintaldia bete zuen, konstituzioak jarraian baimentzen zuen gehiena. Errusia Batua haren alderdiak Medvedev hautatu zuen ordezko, baina Putinek itzalean jarraitu du, lehen ministro karguan. Lau urteko agintaldian, Medvedev hainbatetan saiatu da Putinez aparteko nortasuna erakusten, eta berriz ere hautagai izateko asmoa zuela ere iradoki zuen. Iazko irailean, ordea, Errusia Batuak ofizialki Putin aurkeztu zuen hautagaitzat, eta egungo estatu ereduaren arkitektoa nor den argi utzi. Bozak irabaziz gero, maiatzean hartuko du Putinek presidentetza, eta Medvedev berriz ere lehen ministro izendatuko du. Konstituzioan egindako aldaketarekin, legegintzaldiak orain sei urtekoak izanen dira. Beraz, Putin 2018ra arte egon liteke boterean, eta berriz ere aurkezteko aukera izanen luke orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.