errusia

Putinek %63ko babesarekin irabazi du, hauteskundeetako batzordearen arabera

Errusiako presidente izango da datozen sei urteetan. Oposizioak iruzurra salatu du, eta bozetan irregulartasunak izan direla diote nazioarteko begiraleek.

2012ko martxoaren 5a
18:02
Entzun

Vladimir Putin izango da Errusiako hurrengo presidentea, atzo hauteskundeetako lehen itzulian %63,60ko babesa eskuratuta, bozetako batzordeak gaur arratsaldean jakinarazi duenez. 45.602.075 boto bildu ditu. Ondorioz, gehiengo osoa lortuta, bigarren itzulia egitea ez da beharrezkoa izango. 

"Borroka ireki eta garbi batean irabazi dugu", esan du Putinek. Maiatzean hartuko du kargua, Dmitri Medvedeven eskutik, eta datozen sei urteetan egongo da presidente. 2000-2008 artean kargu berean izan zen Putin; harrezkero, lehen ministro izan da.

Errusiako oposizioak salatu du bozetan iruzurra izan dela. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak esan du "irregulartasunak" izan direla hauteskundeetan. "Herrialde honetan alderdikeriarik gabeko epaile bat ez dagoela uste dugu", adierazi du Tiny Kox Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko kideak. Europako Batasuna bat agertu da segurtasun lankidetzako antolakundearekin, eta Moskuri eskatu dio "gabeziei" irtenbidea emateko.

Hala ere, Koxek azaldu du abenduan izandako hauteskundeen aldean "aurrerapenak" izan direla. Tonino Picula begiraleen koordinatzaileak, bestetik, Errusiak hartutako hainbat konpromiso bete ez direla gaitzetsi du. "Hauteskundeak bidegabeak izan dira", esan du.

Arratsaldean hainbat lagun irtengo da kalera Errusian, Putinek presidentetzarako hauteskundeak irabazi ondoren. Moskuko Puxkin plazan bilduko dira. Horiez gain, alderdi komunistako kideek eta Putinen alderdiko kideek ere elkarretaratzeak egingo dituzte arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.