Vladimir Putin Errusiako presidenteak igandeko hauteskundeetan irregulartasunak izan direla onartu du, eta ikerketa egiteko eskatu: «Noski, irregulartasunak izan dira. Salaketa jarri beharra dago, denek argi eta garbi eduki dezaten emaitza zein izan den». Hitz horiekin, ordea, Errusiako presidente berriak ez du zalantzan jarri lortutako garaipena. Dena den, oposizioko alderdiek iruzurrak salatu dute, eta Errusiari zigorrak ezartzeko eskatu diote Europako Batasunari. Igandeko manifestazioan atxilotutako 250 lagunak aske utzi dituzte, eta larunbaterako manifestaziora deitu dute berriz ere. Horrez gain, Europako Kontseiluko behatzaileen eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen koordinatzaile Tonino Piculak salatu du igandeko bozak «bidegabeak» izan direla.
Irregulartasunak ikertzearen alde egon arren, Putinek ez du uste horrek emaitzak aldatu dituenik, eta oposizioaren iruzur salaketak ukatu ditu: «Garaipenaren aurkako protestak borroka politikoaren zati dira, eta ez dute zer ikusirik hauteskundeen emaitzekin». Errusiako Hauteskunde Batzordeak, bestalde, iruzurrak ukatu ditu, eta komunikabideei leporatu die kanpaina desorekatuak egin izana. Hauteskunde Batzordeko idazkari Nikolai Konkinen arabera, ez dituzte ehun salaketa baino gehiago jasoko: «Irregulartasunen inguruan, ehun salaketa inguru espero ditugu bakarrik, eta dagokien mahaietan erantzungo dituzte. Dena den, benetako irregulartasunak alderdien kanpainetan izan dira. Komunikabideek askoz ere tarte handiagoa eskaini diote Errusia Batua alderdiari besteei baino». Gainera, Errusiatik kanpo daudenen botoak faltsutu direla ukatu du.
Indarkeria manifestazioan
Igandeko hauteskundeetako iruzurrak salatzeko, milaka herritarrek manifestazioa egin zuten astelehenean, Moskuko Puxkin plazan. Oposizioaren esanetan, manifestazioa baketsua izan zen, baina Poliziak ia 300 lagun atxilotu zituen, tartean, Ilia Jaxin, Sergie Udaltxov eta Alexei Navalni, oposizioko kideak. Garri Kasparov xake jokalari eta oposizioko kideak Poliziak erabilitako «indarkeria» salatu du, manifestazioak udalaren baimena zuela gogoratuz: «Ulergaitza da igandeko protesta baketsuan Poliziak erabilitako indarkeria».
Horrekin batera, Kasparovek salatu du Poliziak «terrorismoaren aurkako taldeak» erabili zituela manifestazioa sakabanatzeko: «Hauteskundeak irabazita, Putinek uste du bere indar guztia erakutsi behar duela». Kasparoven esanetan, botoak faltsutzeko metodo berriak erabili dituzte hauteskundeetan, esate baterako, herritarren zerrendak gehituta: «Metodo horiek salatzea oso zaila da, enpresekin ustezko lan harremanak dituzten herritarrak sartzen dituztelako zerrenda horietan. Dena den, harrigarria da behatzaileak zeuden eremuetan Putinek emaitza kaxkarrak lortu izana».
Oposizioa EBri zigor eske
Solidarnost alderdi liberal demokratikoaren kide Vladimir Kara-Murza, Errusiako ikerketa institutuaren zuzendari Pavel Khodorkovsi eta Golos hauteskunde behatzaileen batzordeko kide Andrei Buzin Europako Parlamentuan izan dira, Errusiako hauteskundeetako iruzurrak salatzeko, eta EBk Moskuri zigorrak ezartzeko eskatu dute.
Bestalde, Erresuma Batuak Errusiako hauteskundeak ikertzeko eskatu du, salatutako irregulartasunak argitzeko. Hala ere, Errusiarekin harremanak sendotzearen alde agertu da.
Putinek presidentetzarako bozetan irregulartasunak izan direla onartu du
Errusiako bozak «bidegabeak» izan dira, behatzaileen esanetan; EBri zigorrak ezartzeko eskatu dio oposizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu