Krimeako Errepublika eta Sebastopol hiria Errusiari batzeko ituna sinatu dute Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Krimeako lehen ministro Sergei Aksionovek, Krimeako Parlamentuko presidente Volodomir Konstantinovek eta Sebastopoleko alkate Alexei Chalyk.
Duman egindako agerraldiaren ostean sinatu du Putinek ituna, eta adierazi du Krimea "beti" izan dela Errusia eta hala izango dela gero ere.
Goizean goiz jakin da Putinek oniritzia eman ziola atzo Krimea Errusiari batzeko zirriborro bati. Webgune ofizial batean argitaratu dute erabakia, Errusiako informazio juridikoa biltzen duen atari ofizial batean. Gaur argitaratu dute, baina data atzokoa da.
"Ez akordioak ezta Errusiako presidentearen hitzaldiak ere ez dute zer ikusirik zuzenbidearekin, demokraziarekin edo sen onarekin", esan du Evhen Perebinis Ukrainako Atzerri Ministerioko idazkariak. "Horrek erakusten du oso argi Errusiak nahi duena nolako mehatxua den segurtasun nazional eta nazioartekorako".