Putinen bizkartzainak

Dmitri Medvedevek gobernuaren %80 aldatuko zuela agindu zuen, eta hitza bete du, baina ministro garrantzitsuenak Vladimir Putinek babestutakoak dira: Defentsa, Barne, Atzerri eta Ekonomia ministroak.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Dmitri Medvedevek lehen ministro kargua hartu aurretik agindu zuen, presidente gisara egokitzen zitzaion lekutik, gobernuaren osaera %80 aldatuko zuela, eta esandakoa bete du, baina adituek ziurtatzen dute Kremlinek ez duela erabaki garrantzitsurik hartuko, Errusiako presidente Vladimir Putinekproposatutakoak ez badira. Gobernu berria —astelehenean izendatu zuten— konpromiso politikoaren emaitza baita. Interpretazio hori egin du Ingeniaritza Politikoaren Zentroak. Igor Bunin presidentearen ustez, «oraingo presidentearenganako aurrekoarenganako baino mendekotasun handiagoa izango du»; alegia, Vladimir Putinek kontrolpean izango du.

Gobernuko kargurik sendoenak Putinek babestutakoak dira, besteak beste, Anatoli Serdiukov Defentsa ministroa, Vladimir Kolokoltsev Barne ministroa —Rashid Nurgalieven ordez—, Anton Siluanov Finantzetakoaeta Andrei Belousov Ekonomiaren Garapenerakoa. Buninek argi dauka: «Putinek militarren, segurtasunaren eta ekonomiaren kontrol osoa izango du. Ministro horien bidez, gobernua barrutik kontrolatzeko aukera du».

Anatoli Serdiukov armada berrantolatu duen gizona da. Altzari negozioan aritutakoa Vladimir Putinen gizonetako bat bilakatu arte. 2000. urtean Putinek presidentetza hartu zuenean, bide arrakastatsuari ekin zion. Ordutik, presidentearen konfiantzakoa izan da. Zergen Ministerioan hasi zuen ibilbidea; gero, zuzendu egin zuen, eta ministro zela zergen zerbitzu federala berrantolatu zuen, etaministerioko funtzionario garrantzitsuetako asko aldatu zituen. 2007an Defentsa ministro izendatu zutenean, gauza bera egin zuen armadan: ustelkeriak jota zeuden buruzagi asko kendu zituen, eta armada eraginkorrago bilakatu zuen. NATOren eta Errusiaren arteko elkarrizketa garrantzitsurik ez da egiten hura gabe.

Vladimir Kolokoltsev Barne ministroa, berriz, Moskuko Polizia Departamentuaren burua izan da orain arte. Polizien beste buruzagi batzuekin batera, Moskun 2010etik 2012ra izan diren protestei aurre egin behar izan die. Neurri zorrotzak hartzen badakiela erakutsi du. 2009an, Moskuko polizia asko kargutik kendu zituen, ustelkeriagatik. Polizien diziplina «bikoiztuko» duela agindu du. «Arazo handiena jendearen konfiantza berreskuratzea izango da». Levada Zentroak ateratako inkestaren arabera, herritarren %63k ez dute poliziengan batere konfiantzarik, eta %83 kezkatuta daude haren jarrerarekin eta ustelkeriarekin. «Herritarrek legea bete dezatela nahi badugu, guk geuk akatsgabeak izan behar dugu».

Kolokoltsev ezarrita, mezu argia eman nahi du presidenteak: Medvedeven «demokrazian sakontzeko» kontzeptua ez dela manifestariek duten bera. Hamabi urtean izandako boterea beste sei urtez luzatzeko asmoaren aurrean kalera haserre irten zirenei aurre egingo diela. Herritarrek aukeratu dutelako —iruzurra leporatu zioten—, kalera manifestatzera ateratzen ez diren horiek, eta ordena mantenduko du. Putin 2000. urtean aukeratu zutenean baino nahastuago dago egoera kalean, baina badaki zer dagoen. Hura hor egon da beti.

Aurreko legealdietan ez zuen arazorik izan herritarrek bere alde egiteko, 1990eko hamarkadako egoera kaskarrari irtenbidea emateko herritarrek buruzagi gaztea eta indartsua nahi zutelako, eta bazirudien hori zela Putin. Txetxeniako gerran erakutsi zuen sendotasun berezia, eta gerra gizon prestuaren irudiari esker lortu zuen bigarren legealdia. Oraingoan ere arerio sendorik gabe aise irabazi ditu hauteskundeak, baina hark eraikitako herriarekin gustura ez daudenen protestak jasan behar izan ditu kalean.

Errusiatik kanpora, berriz, ospe handia duen ministroarekin jarraitzea erabaki du. Atzerri ministroak, Sergei Lavrovek, bere karguan jarraituko du. SESB eta Errusia ordezkatu ditu Nazio Batuen Erakundean, eta 2004tik diplomazia errusiarraren ordezkaria da. Azkenaldian, Sirian egoera konpontzeko bitartekari lanean aritu da.

Anton Siluanov Finantzetako ministroa eta Andrei Belousov Ekonomiaren Garapenerako ministro ere gertu-gertukoak dauzka, eta «krisi globalari» aurre egiteko «iaioak» dira, presidentearen ustez. Besteak beste, pribatizazio izugarria egin nahi du Putinek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.