Ebrahim Raisi Botere Judizialeko presidentea izan da orain arte Iranen. Aurrerantzean, herrialdeko presidente izango da, atzo eginiko bozketaren behin behineko emaitzak baieztatzen badira. Datuok, halere, zalantzarako tarte gutxi uzten dute: hauteskunde batzordearen arabera, apaiz ultrakontserbadoreak 17.800.000 boto jaso ditu orain arte zenbaturiko
28.600.000 bozkatik. Hau da, botoen %62.
Beste hautagaiak oso atzean geratu dira: Mohsen Raisik 3,3 miloi boto jaso ditu; Abdolnaser Hematik 2,4 milioi, eta Amir-Hossein Qazizadeh Haxemik milioi bat.
Hemati zen hautagai moderatu bakarra. Beste guztiak oso eskuindarrak ziren. Beste hautagaiek bezala, Hematik onartu egin du Ebrahim Raisiren garaipena, eta zoriondu egin du sare sozialen bidez.
Ia denek garailetzat ematen zuten Raisi bozen bezperan. Zalantza bakarra parte-hartzearen ingurukoa zen. Abstentzio handia espero zen, eta hala gertatu da.
Egungo presidente Hassan Rohanik zorionak eman dizkio Raisiri, baina ez du izenez aipatu, emaitzak oraindik ez direlako ofizialak: «Argi dago nor aukeratu duen jendeak». Gaineratu duenez, espero du datozen 45 egunetan hobekuntzak etortzea gobernu berriari, izurriari zein hainbat herrialdek Irani ezarritako zigorrei dagokienez.
Hamahirugarren presidentetzarako bozetara 600 hautagai inguru aurkeztu ziren, baina 46k besterik ez zituzten betetzen Konstituzioak jasotzen dituen baldintzak, Barne Ministerioaren arabera. Azkenean zazpira murriztu zuen hautagaien zerrenda, eta horietatik bost kontserbadoreak ziren.