Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea Espainiako Kongresuan izan zen atzo, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldi bat egin zuen Draghirekin batera. Bertan, Rajoyk aitortu zuen ez dituela bete hauteskunde kanpainan egindako hainbat promesa. Haren gezur nagusiak bildu zituen Jakes Goikoetxea kazetariak iazko ekainean. Segidan, hamar handienak:
1- Egia esatea
Esandakoa
"Beti egia esango dut, apaingarririk eta aitzakiarik gabe, baita min egiten badu ere". Mariano Rajoyk, 2011ko abenduaren 19an, inbestidura saioan.
Egindakoa
Kargua hartzean egin zuen promes nagusia izan zen, eta horixe urratu du gehien: sei hilabeteotan, gezurra esan du, eta apaingarriak eta aitzakiak erabili ditu. Min egin die herritarrei. Gaztelaniazko esamoldea baliatuz, ogiari ogi eta ardoari ardo deituko ziola ere esan zuen inbestidura saioan. El Gran Wyoming umorista espainiarrak aste honetan esan duen moduan, ogiari ogi eta ardoari ardo deitu die, "baina gainerako guztiari izena aldatu dio".
2- Zergak ez igotzea
Esandakoa
"Ez dut zergarik igoko". Mariano Rajoyk, 2011ko azaroaren 16an, hauteskundeak egin baino lau egun lehenago.
Egindakoa
Hauteskunde kanpainan eta inbestidura saioan, esan zuen konpromisoei eutsiko ziela eta ez zuela asmorik zergak igotzeko. Garai batean, Rajoyrentzat bateragarria zen zergak ez igotzea eta defizit publikoa txikitzea.
Baina Espainiako Gobernuak lehenengo Ministroen Kontseiluan igo zituen zergak, abenduaren 30ean, 2012rako eta 2013rako. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igo zuen (PFEZ), tarte guztietan: %0,75eko igoeratik hasi, eta %7raino. Gehien irabazten dutenei, gehiago, baina PFEZa aitortu behar duten guztiei. Kapital errenten zergak ere igo zituen, %2 eta %6 artean, baina lan errentak baino apalago. Zergak igota, 6.475 milioi euro gehiago bildu nahi ditu aurten. Hiru eurotik bi, PFEZaren igoerari esker; hau da, klase ertainei zergak igota.
Hego Euskal Herrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ordurako onartua zuten zergak igotzea: hirurek ezarri zuten berriz ondare zerga; Gipuzkoak PFEZa ere igo zien errenta handienei; Espainiako Gobernuak baino gutxiago, hala ere. Nafarroako Gobernuak Espainiakoaren ondoren igo zituen zergak, eta Espainiaren eredua kopiatu zuen: soldata apalak dituztenei —1.000-1.700 euro garbi— igo zien gehien PFEZa. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hainbat aldiz agindu zuen ez zituela igoko zergak.
Nola deitu dioten
"Zergen elkartasunezko behin-behineko emendatzea".
3 - Kaleratzea ez merkatzea
Esandakoa
"PPk ez du kaleratzea merkatu nahi, kontratu mugagabea orokortu baizik". Mariano Rajoyk, 2011ko irailaren 12an.
Egindakoa
PPk oso gogor kritikatu zuen PSOEk 2010ean bultzatutako eta onartutako lan erreforma —EAJren abstentzioari esker onartu zen—. «Kaleratzeko lan erreforma bat egin duzu, ez enplegua sortzeko bat», esan zion orduan Mariano Rajoy oposizioko buruak Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuko presidenteari.
Bi urte geroago, baina, PPk sakondu egin du PSOEk abiatutako bidea. Oposizioan zegoenean, PPk uste zuen PSOEren lan erreformak langabezia handitzen zuela, krisi garaian langileak kaleratzea merkatuta; gobernua eskuratu duenean, berriz, ez, nahiz eta kaleratzeak izugarri merkatu eta erraztu dituen, eta krisiak indarrean jarraitzen badu ere.
Bruselan, Rajoyk berak eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak euroguneko agintariei ahopeka aitortu zieten lan erreforma "oso erasokorra" zela eta greba orokor bat eragingo zuela, langileen kontrakoa zelako. Adierazgarria da enpresaburuek bakarrik txalotu izana PPren lan erreforma. Zergatik? Kaleratzeak errazten eta merkatzen dituelako; hogei eguneko kalte-ordaineko kaleratzeak orokortzen dituelako; enpresaburuek arrazoi ekonomikoengatik lan baldintzak alda ditzaketelako —baita soldata ere—; enplegua erregulatzeko dosierrak administrazioaren baimenik gabe onar ditzaketelako; bukatutako itunen iraupena urtebetera mugatu delako; langile bat bi hilabetean zortzi egunetan faltatuz gero kaleratu dezaketelako; urtebeteko proba kontratuak egin ditzaketelako —kalte-ordainik gabeak—...
Lan erreforma indarrean dago, eta ondorioak agerikoak dira: langabezia ez da gutxitu. Hego Euskal Herrian ere, bete-betean aplikatzen ari dira.
Nola deitu dioten
"Enpresetako lan baldintzak malgutzea".
4 - Osasuna eta hezkuntza ez ukitzea
Esandakoa
"Gauza guztietan egingo ditut murrizketak, pentsioetan, osasun zerbitzuetan eta hezkuntzan izan ezik, ez baititut murriztu nahi herritarren eskubideak". Mariano Rajoyk, 2011ko azaroaren 4an, hauteskunde kanpainan.
Egindakoa
Osasun eta hezkuntza sistemak ukiezinak ziren lehen PPrentzat; orain, berriz, eutsiezinak dira. Dirua bakarrik ez: Espainiako Gobernuak azalpenak ere aurreztu nahi ditu. Prentsa ohar baten bidez jakinarazi zuen 10.000 milioi euro aurreztuko dituela osasun eta hezkuntza sistemetan. Gainera, aurtengo aurrekontuetan, osasun eta hezkuntza gastuak 27.300 milioi euro murriztu zituen: iaz baino %21,2 diru gutxiago hezkuntzan, eta %13,7 gutxiago osasunean. Espainiarrei "ahalegin txiki bat" eskatu zien orduan Rajoyk.
Osasun gastua aurrezteko neurrietan, deigarria da osasun txartela edukitzeko eskubidea kendu dietela egoera arautu gabeko etorkinei. Orain, larrialdietara eta amatasun eta pediatria zerbitzuetara baino ezin dira joan. Ana Mato Osasun ministroaren esanetan, gobernuz kanpoko erakundeetara jo ahal izango dute.
Eusko Jaurlaritzak ez du aplikatuko. Nafarroako Gobernuak, UPNren eta PSNren arteko akordio batean oinarrituta, aplikatu egingo die apirilaren 30etik aurrera erroldatu gabe dauden etorkinei. Doako osasun zerbitzurik gabe geratu dira. Osasun Departamentua araudi bat aztertzen ari da horientzat.
Hezkuntzan, eredua espainiartzeaz gain, hainbat murrizketa egin dituzte, irakasleen arloan dirua aurrezteko, bereziki: ikasgeletan %20 ikasle gehiago pilatzea, irakasleek eskola ordu gehiago ematea, bi astetik beherako ordezkapenik ez egitea, unibertsitateko matrikulak %70 garestitzea, bekak jasotzea zailtzea...
Hego Euskal Herrian, PP gobernura iritsi aurretik ere ari ziren murrizketak egiten, Nafarroako Gobernua batez ere. Espainiakoak onartu aurretik, antzeko neurriak indarrean jarri zituen Nafarroako Gobernuak. LABek esan du mila irakasle kaleratuko dituztela. Nafarroako Parlamentuaren txosten batek auzitan jarri ditu hezkuntzako murrizketak, baina gobernuak ez dio jaramonik egin. Eusko Jaurlaritzak esan du ez duela handituko ikasgeletako ikasle kopurua, ez duela gutxituko irakasle kopurua eta ez dituela garestituko unibertsitateko matrikulak. Sindikatuek, baina, salatu dute Eusko Jaurlaritza hainbat murrizketa egiten ari dela urteotan: soldatetan, ordezkapenetan, erretiro eskubideetan...
Nola deitu dioten
"Osasun sistema bermatzea eta zerbitzuen kalitatea eta segurtasuna hobetzea".
"Hezkuntza salbatzeko plana".
5 - Botikak berriro ez ordaintzea
Esandakoa
"Ez dut onartuko osasun zerbitzuak berriro ordaintzea". Mariano Rajoyk, 2011ko azaroaren 11n, hauteskunde kanpainan.
Egindakoa
Hasieran, osasun zerbitzuak eta botikak berriro ordaintzearena Luis de Guindos Ekonomia ministroaren "iritzi pertsonal bat" zen. Rajoyk eta Saenz de Santamariak ukatu egin zuten neurria aztertzen ari zirela. Gero, baina, onartu egin zuten, osasun gastua arintzeko, 7.000 milioi euro aurrezteko neurrien artean.
Espainiako Gobernuak, uztailaren 1etik aurrera, erretiratuak behartu egingo ditu botiken prezioaren %10 ordaintzera, eta handitu egingo du herritarrek ordaintzen duten portzentajea: %40-%60 artekoa izango da, diru sarreren arabera. Pentsio ez-kontributiboak jasotzen dituzten erretiratuek ez dute ezer ordainduko, eta ordainduko duten erretiratu gehienek zortzi eta hemezortzi euro arteko gehienezko muga izango dute. "Hilean lau kafe", Jose Ignacio Etxaniz PPko osasun gaietarako bozeramailearen iritziz.
Zenbait osasun zerbitzu ere ordaindu beharko dira: gaixoen garraio ez premiazkoa, makuluak, gurpil aulkiak, dietetika produktuak eta abar: %40 eta %60 artean ordaindu beharko da.
Eusko Jaurlaritzak esan zuen ez zuela neurria indarrean jarriko, baina jarri beharko du. Hala ere, aste honetan, Eusko Jaurlaritzak esan du neurriak aztertzen ari dela, "herritarrei eragin ez diezaieten". Ez du zehaztu nola. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek herritarrei buruzko zerga informazioa helaraziko diote Espainiako Gizarte Segurantzari.
Nafarroako Gobernuak neurria ezartzea baztertu zuen hasieran, baina onartu egin du gero. Neurri gehiago ere hartu ditu: osasunerako zentimoa onartu du lege proiektu batean; gasolina, gasolio eta keroseno litroa 0,024 euro garestituko du, diru sarrerak handitzeko.
Nola deitu dioten
"Botiken gehiegizko gastua geratu nahi dugu; gastatzen dutenei atzera eginarazteko neurri bat da".
6 - Defizit publikoa
Esandakoa
"Defizita %8,5etik %8,9ra igotzeak ez nau kezkatzen; ohikoa da, eta Europako Batasuneko herrialde guztietan gertatzen da". Mariano Rajoyk, maiatzaren 20an.
Egindakoa
Rodriguez Zapateroren gobernuak espero zuen barne produktu gordinaren %6ko defizit publikoarekin amaitzea urtea. Rajoyrenak, kargua hartu berritan, esan zuen gutxienez bi puntu handiagoa izango zela. Azkenean, apirilean, datu ofiziala %8,51 izan zen, PPren esku dauden autonomia erkidegoen eraginez. Baina, kontuak amaituta zeudela, ekainaren hasieran, %8,91era igo zen, batez ere Gaztela eta Leonek, Madrilek eta Valentziak esan baino defizit handiagoa izan zutelako: ia 3.000 milioi euro gehiago. Hiru autonomia erkidegoak, aspalditik, PPren esku. Rajoyk kargua hartu eta bost hilabetera; Bruselak aurten Espainiari defizita %5,3ra jaistea baimendu eta gero —berezko helburua %4,4 zen—.
Nola deitu dioten
"Espainian askotan egon da ezkutuko defizita, azaltzen ez diren ordainagirien eraginez".
7 - Amnistia fiskala ez onartzea
Esandakoa
"Espero dut amnistia fiskalarena ateraldi bat izatea". Mariano Rajoyk, 2010eko ekainaren 8an.
Egindakoa
"Ez dugu babestuko amnistia fiskala, ordaintzen dutenek gehiago ordainduko dutelako eta ordaintzen ez dutenei barkatu egingo zaielako ordaindu ez dutena". Gaur egun, alderdi gehienek babestuko lukete adierazpen hori, PPk salbu. Bada, Rajoyk esana da, 2010ean, zabaldu zenean Espainiako Gobernua aztertzen ari zela amnistia fiskal bat onartzea. Amnistia fiskala "bidegabea", "gizartearen kontrakoa" eta "astakeria bat" zela esan zuen 2010ean Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak; bi urte geroago, amnistia fiskala "ona da herritar guztientzat", Cospedalen iritziz.
Herritar guztientzat, ez; are gutxiago dagozkien zergak ordaintzen dituztenentzat. Izatekotan, ona da iruzurgile handientzat. Hala ere, aditu gehienek diote amnistia fiskala ez dela erakargarria ezta zerga iruzurgileentzat ere.
Alde batetik, zerga iruzurgileek eta zerga paradisuetan dirua daukaten enpresek beren egoera araupetu ahal izango dute, %10 eta %8 bakarrik ordainduta, hurrenez hurren. Zerga gehigarririk gabe. Isunik gabe. Zigor administratiborik eta penalik gabe. Dirua nola lortu duten galdetu gabe. Baita eskudirutan egindako iruzurra ere; 500 euroko billeteekin, esaterako. Gainera, eskudirutan iruzur egitera bultzatzen du, merkeagoa baita iruzurra zuritzea, benetan diru horri dagozkion zergak ordaintzea baino. Diru beltza zuritzeko ikuzgailu administratibo bat, azken batean.
Guztira, ezkutuko 35.000 milioi euro azaleratu eta 3.250 milioi euro bildu nahi dituzte. Munduko amnistia fiskal gehienak antzuak izan dira.
Amnistia fiskalaz gain, onartu al du zerga iruzurrari aurre egiteko plan eraginkorrik? Ez. Zerga delituak baliorik gabe geratzeko epea luzatu du, bost urtetik hamar urtera; iruzurgileentzako kartzela zigorrak handitu ditu; eta 2.500 euroko muga jarri die enpresariek eta autonomoek eskudirutan egin ditzaketen ordainketei.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek baztertu egin zuten amnistia fiskala aplikatzea; Nafarroako Gobernuak ere bai, kostata, UPNk aplikatu egin nahi baitzuen, eta PSNk ez. Espainiako Gobernuak esan zuen agian Hego Euskal Herrian ere aplikatu beharko dutela.
Nola deitu dioten
"Aitortu gabeko aktiboak aitortzea sustatzeko behin-behineko programa".
8 - Diru publikorik ez bankuentzat
Esandakoa
"Ez diet euro bakar bat ere emango bankuei diru publikotik". Mariano Rajoyk, 2011ko azaroaren 8an.
Egindakoa
Hilabete batzuk geroago, Rajoyk damu du finantza erakundeen berregituratzea lehenago egin ez delako; beste era batera esanda, behar duten finantza erakundeek laguntza publikoa lehenago jaso ez dutelako, gehiegikeriek eragindako zulo pribatua diru publikoarekin ere estali ez delako. Duela urte batzuk, baina, Rajoyk ez zuen halakorik eskatzen.
Rajoyk bakarrik ez, Luis de Guindos Ekonomia ministroak ere diru publikoa ukatu zien bankuei martxoaren 23an. Hilabete geroago, De Guindosek berak euro bat ez, hainbat milioi euro, «behar duten diru guztia» emango ziela agindu zien Bankiaren arduradunei. Jose Ignacio Goirigolzarri presidenteak 19.000 milioi euro eskatu zituen, Guindosek egun gutxi lehenago aipatutako 9.000 milioi euroak baino nabarmen gehiago. Gainera, asmoa zen dirua zuzenean bankuan sartzea FROB bankuak berregituratzeko funtsaren bitartez, ez mailegu bat ematea. Bueltatzeko konpromisorik gabe. FROBek, dirua berreskuratzekotan, Bankiaren akzioak saldutakoan berreskuratu beharko du. Noiz? Auskalo.
9 - Erreskaterik ez
Esandakoa
"Ez da izango bankuen erreskaterik". Mariano Rajoyk, maiatzaren 29an.
Egindakoa
Azkeneko gezurra izan da, Rajoy eta bere gobernua barregarri uzten ari dena. Gezurren segida etengabea da: aurrena, ez zen behar; gero, Espainiako Gobernuak bankuei zor bonuak, papera, eman nahi zizkien, dirua Europako Banku Zentralak jar zezan; eskatu zuen euroguneko erreskate funtsek dirua zuzenean eman ziezaietela bankuei; erreskatea jaso du; loteria saria jaso duela dirudi, eta erreskatea goratu du: «ospatu» egin behar dela dio; eta esan du erreskatea bere lorpena izan dela. Erdibideko irtenbide bat izan da, baina, erreskatea: 100.000 milioi eurokoa, gehienez. Estatuak bermatu egin beharko du dirua bueltatuko dela, eta erreskateak defizita handituko du; hau da, murrizketa gehiago eragin ditzake. Euroguneak, badaezpada, ez du baztertu murrizketa gehiago ezartzeko aukera; ez finantza erakundeei, herritarrei baizik.
Nola deitu dioten
"Kreditu-linea baldintza oso mesedegarrietan emana".
10 - Falta direnak
Esandakoa
"BEZa igotzea agintari txarren aizkorakada da herritarren kontra, krisia ordain dezaten". Mariano Rajoyk, 2010ean.
Egindakoa
Europako Batzordearen eta NDFren gomendioek erakutsi dute zeintzuk izango diren hurrengo gezurrak, hurrengo neurriak: autonomia erkidegoak behartzea murrizketa gehiago egitera; erretiroa 65 urtetik 67ra atzerako prozesua azkartzea; BEZa igotzea; eta funtzionarioei soldatak jaistea. Gainera, zor merkatuak nola dauden ikusita, ezin da baztertu Espainiak beste erreskate bat behar izatea, ez bankuentzat, herrialdearentzat baizik; murrizketen truke, jakina.
Nola deitu dioten
BEZa igotzea: "Zeharkako zergak igotzea Ogasun arloan".