Espainiaren erantzuna

Rajoyk "berehala" eskatuko du erabakia bertan behera uzteko

Asteazkenean sinatuko du Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko duen helegitea. Bertan behera uzteko erabakia Forcadelli helarazteko eskatuko du.

Mariano Rajoy, gaur Bejar herrian irakurri duen adierazpen instituzionalean. J. M. GARCIA, EFE
2015eko azaroaren 9a
07:20
Entzun

"Katalunia ez da deskonektatuko, eta ez da inongo husturarik izango". Hitz horiekin iragarri du Rajoyk "berehala" aurkeztuko duela helegitea Kataluniako Parlamentuak gaur onartu duen adierazpenaren kontra. Asteazkenean egingo du, gero zehaztu duenez. Katalunia Espainiatik bereizteko urratsa egiten ari zen bitartean, Salamancako herri batean zegoen Espainiako presidentea, eta han adierazpen instituzional bat egin du. 

Goizean Pedro Sanchezekin telefonoz hitz egin du, baina bihar dira elkarrekin biltzekoak Espainiako bi alderdi nagusietako buruak. Beste alderdi guztiak uneoro hartzen diren neurrien jakinaren gainean mantenduko dituela esan du: "Elkarrekin goaz denok hemen. Espainia guztion gauza delako, pentsatzen duguna pentsatzen dugularik". 

"Inork ez du hautatu edo baztertu beharko bere espainiar eta europar identitatea", esan du Rajoyk. Orain gutxi antzeko zerbait esateagatik agerian geratu zen Espainiako presidentea, elkarrizketa batean Carlos Alsina kazetariak azaldu zionean independizatu arren kataluniarrek ez luketeela galduko espainiar herritartasuna —independentzia baino lehen jaio direnak— jaiotzez Espainian jaio direlako. Ondorioz, ezta europarra ere.

Rajoyk gaineratu du Espainiako Gobernuak "Zuzenbide Estatuaren baliabide guztiak" erabiliko dituela "demokrazia defendatzeko". "Soilik Zuzenbide Estatua erabiliko dugu, baina Zuzenbide Estatu osoa, soilik demokrazia baina demokraziaren indar guztia". Zentzu horretan esan du asteazkenean aurkeztuko duen helegitea lehen urratsa izango dela.

Hori esanda, Kataluniaren autonomia eta eskumenak bertan behera uzteko prest dagoen galdetu diote, Espainiako Konstituzioak ahalbidetzen duen moduan, eta esan ez litzaiokeela gustatuko baina legeari eraso egiten zaionean erraminta guztiekin defenditu behar dela.

Kataluniako Parlamentuak gaur adierazpena onartu bezain laster, Rajoyk Estatu Kontseiluari bere iritzia emateko eskatu dio, 24 ordutan, horrekin Konstituzionalean helegitea aurkeztu ahal izateko. Bihar goizean bilduko da, eta asteazkenean egingo du Espainiako Ministro Kontseiluak. Ondoren eskatuko du gaur Bartzelonan onartutako "adierazpena eta horren ondorio guztiak" bertan behera uzteko.

Bertan behera uzteko erabaki hori Carmen Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari jakinarazteko eskatuko dutela aurreratu du Rajoyk, "aintzat har dezan". Guzti horren berri eman dio Pedro Sanchezi gaur telefonoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.