ESKOZIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Rajoyk dio EBk "oso erraztasun gutxi" jarriko dizkiela banandutako estatuei

Eskoziako independentzia "hondamendia" izango litzatekeela eta Erresuma Batua "balkanizazio prozesu batera" eramango lukeela esan du Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Atzerri ministroak.

Independentziaren aldeko eta kontrako magdalena bana, erdian zalantzatientzat eginiko beste bat erdian dutela, Edinburgoko gozodenda batean. ANDY RAIN / EFE
jon olano
2014ko irailaren 17a
14:33
Entzun

Eskoziako independentziari buruzko erreferendumaren bezperan, hari buruz galdetu diote EAJk eta Amaiurrek Espainiako Gobernuari, Espainiako Kongresuko osoko bilkuran.

Aitor Esteban EAJko diputatuaren galderei erantzunez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak esan du prozesu sezesionistak "Europako Batasunaren espirituaren kontrako torpedoak" direla, eta EBk "oso erraztasun gutxi" emango dizkiela banandutako herrialdeei berriro Europako Batasuneko kide izateko.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak, berriz, Jose Manuel Garcia Margallo Espainiako Gobernuko Atzerri ministroari galdetu dio ea zein iritzi duen Eskoziako "ariketa demokratikoaren" inguruan. Margallok ihardetsi dio Erresuma Batuko ordenamendu juridikoa eta Eskoziako auzia "berezitasuna" direla Europako Batasunean, eta erreferenduma Erresuma Batuko Parlamentuak onartu ondoren baino ez dela izan posible.

Eskoziako balizko independentzia "Eskoziarentzat, Erresuma Batuarentzat eta Europako Batasunarentzat hondamendia" izango litzatekeela uste du Margallok, eta iragarri du Eskozia estatu bilakatuz gero "balkanizazio prozesu bat" gertatuko dela Erresuma Batuan.

Inkestak, ezezkoaren alde

Erreferendumerako 24 ordu baino gutxiago falta direla, inkestak argitaratu dituzte The Daily Telegraph, The Scotsman eta Daily Mail egunkariek. Hiru inkestek, zalantzatiak baztertuta, Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzeari ematen diote gehiengoa; %52 unionismoaren alde eta %48 independentziaren alde.

Egunkarietan argitaratutako gutun batean, herritarrei mintzatu zaie Alex Salmond Eskoziako lehen ministroa. "Erabakitzeko unea" iritsi dela esan die, eta ordu batzuez herritarrek "euren esku" izango dituztela "burujabetza, boterea eta autoritatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.