DANIMARKA

Rasmussen lehen ministroa da faborito gaurko bozak irabazteko

Inkesta guztien arabera, alderdi liberalak 2001ean eskuratutako aginteari eutsiko dio

Agentziak
KOPENHAGE
2005eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Anders Fogh Rasmussen lehen ministroaren alderdi liberala da, gaur Danimarkan egingo diren hauteskunde orokorrak irabazteko zerrenda faboritoa. Hartara, bera buru duen eskuineko blokeak 2001eko azaroan lortu zuen garaipena berresteko aukera asko ditu.

Inkesta guztien arabera, Rasmussenek irabaziko ditu bozak. Horiek aintzat hartuta, eskuineko blokeak botuen %52a baino gehiago bereganatuko lituzke. Jyllands Posten egunkari kontserbadoreak atzo argitaratutako inkesta baten arabera, Rasmussenen blokeak 93 diputatu izango lituzke eta oposizioak, haatik, 82. Sozialdemokraten susperraldi txikiak, beren aliatu diren muturreko liberalen igoera nabariak eta oraindik zalantzan dagoen hautesleen %18ak, ezustekoak eragin ditzake. Bozak aldez aurretik egingo dira. Izan ere, printzipioz, hurrengo azaroaren 20an ziren egitekoak. Iragan urtarrilaren 18an iragarri zuen horixe Rasmussenek; inkestak bere garaipenaren berri ematen hasi zirenean, hain zuzen. Lehen ministroak baina, beste arrazoi batzuk erabili zituen, orduan, hauteskundeak aurreratzeko. Bere esanetan, heldu den azaroaren 15ean egingo diren udal hauteskundeak ez oztopatzeko eta eskualdeetako zein udaletako erreforma administratiboen onarpena ez atzeratzeko hartu zuen hauteskunde orokorrak aurreratzeko erabakia.Azken egunera arte inkestek islatu dutena betetzen baldin bada, beraz, Rasmussenek historia egingo luke. Izan ere, kargua errepikatzen duen aurreneko liberala izango litzateke. Danimarkan sozialdemokratek agindu izan dute ia beti.Bien bitartean, inoizko segurtasun neurri handienak ezarriko dituzte gaurko bozetarako Danimarkan.Poliziak atzo adierazi zuenez, uniformez jantzitako poliziak izango dira, estrainekoz, hauteslekuetan bertan, eta horien inguruan. Hartara,«eraso terrorista» bat gertatzeko arriskua aurreko beste bozetan baino handiagoa dela onartu dute inteligentzia zerbitzuek. Hauen ustez, pasa den urtarrilaren 30ean Iraken egindako hauteskundeek Danimarkak tropak ditu bertan eta iragan martxoaren 11n Madrilen gertatutako erasoek arriskua areagotu dute. Orotara, 4,1 milioi lagunek eman dezakete boza gaur. Batezbesteko parte hartzea, berriz, %85ekoa izan ohi da, gutxi gora behera.

Ez dute muturreko liberalekin aginduko

Boterean jarraituz gero, Rasmussenen koalizioak hala eskuinarekin nola ezkerrarekin agindu duten muturreko liberalekin gobernatu dezakeela esan dute azken egunotan . Dena den, Rasmussenek berak proposamen hori errefusatu zuen atzo. Hala, bozak oraindik ez direla egin nabarmendu eta beren blokearen aldeko boza eskatu zien hautesleei. Bere esanetan, muturreko liberalen aldeko botoak sozialdemokraziari mesede egiten dio. 2001ean ez bezala, politika nazionalari eman dio garrantzia Rasmussenek aurtengo hauteskunde kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.