Argentina

Raul Alfonsin hil da

Argentinako Gobernuko presidentea izan zen 1983-1989 artean, zazpi urteko diktaduraren ondoren. Gaixorik zegoen eta 82 urte zeuzkan.

2009ko apirilaren 1a
16:05
Entzun
Raul Alfonsin Argentinako Gobernuko presidente izandakoa hil da bart, 82 urte zituela, neumoniaren eta 2007tik zeukan biriketako minbiziaren ondorioz. 1983tik 1989ra arte izan zen hango lehendakaria. 1976-1983an diktadura eduki zuten Argentinan.

Historian giltzarri diren buruzagi politiko horietako bat izan zen, hiru estatu kolpe saiakera gainditu eta trantsizioa gidatu zuelako bereziki, baina baita militarren presioari men eginda, gizateriaren aurkako krimenen erantzuleak epaitzeko asmoan atzera egin zuelako ere. Polemika handia eragin zuten hark indarrean jarritako bi legek: Puntu eta Amaierako Legeak eta Zor den Obedientziaren Legeak. Horiei esker, diktadura garaian gehiegikeriak egiteaz akusatutako ehunka militar zigorgabe gelditu ziren.

Zazpi urtez agintean egon ondotik, Argentinako Junta Militarrek hauteskundeak deitu zituzten 1983an. Diktadurak eragindako krisi ekonomikoak izan zuen zeresana horretan, baita urtebete lehenago Argentinak Erresuma Batuaren aurka Malvinetan gerra galdu izanak. Alfonsin 1982an bertan gudaren aurka agertu izan zen, eta diktadura garaian Europan eta AEBetan ibili zen Argentinarako demokraziaren alde.

Hura buru zuela, UCR Herritarren Batasun Erradikalak irabazi zituen 1983ko urriaren 30eko hauteskundeak, ia botoen %52 eskuratuta. Argentinak trantsizioa behar zuen. Alfonsinek aldaketa agindu zuen, eta justizia diktadurako biktimentzat. 1976 eta 1983 urteen arteko giza eskubideen urratzeak ikertzeko batzordea eratu zuten. 1985ean, besteak beste, Jorge Videla eta Roberto Viola diktadurako presidenteak zigortu egin zituzten.

Horrek denak militarren eta agintari demokratikoen arteko bereizketa areagotu zuen, eta tentsioa nabarmena egin zen. Militarrak altxatu egin ziren hiru aldiz, eta Alfonsinek haiekin negoziatu zuen.

Inflazioak eragindako krisi ekonomikoari aurre egin ezinda, kargua utzi zuen Alfonsinek, 1989an. Haren ordez Carlos Menemek hartu zuen herrialdeko buruzagitza, eta 1990ean diktadura garaiko buruzagiei ezarritako zigorrak barkatu zizkien.

Jendaurrean azkeneko aldiz iazko urrian agertu zen Alfonsin, Argentinako gobernuburu ohiei omenaldia egin zietenean.

1927ko martxoaren 12an jaio zen Buenos Aires eskualdean, Chascomus herrian. Zuzenbidea ikasketak bukatu zituen 1950ean eta handik bi urtera bere herriko zinegotzi hautatu zuten. Orduan hasi zuen ibilbide politikoa.

Maria Lorenza Barrenecherekin zegoen ezkonduta eta sei seme-alaben aita zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.