Jose Ramon Machado Ventura berretsi dute bigarren idazkari. Hura ere 2011tik da karguan, alderdiaren seigarren kongresuan izendatu zutenetik.
Kubako Alderdi Komunistak zazpigarren kongresua egin du, eta bertan, PCCren zuzendaritzara sartzeko adin muga ezartzeko asmoa azaldu zuen Castrok. "Alderdiko kargu sistema osoa gaztetu dadin bermatzeko" asmoz hartu dute adin muga ezartzeko neurria. Aurreko kongresuan, beste neurri bat hartu zuten asmo horretan; gehienera, jarraian bi alditan izatea ardurak zuzendaritzan.
1962an sortu zenez geroztik izaniko bilkura garrantzitsuenetariko bat egin du alderdiak. Bi mugarrik egin dute berezi: aurrenekoa izan da Habanak Washingtonekin harremanak normalizatu zituenetik, eta badirudi azkeneko aldiz zuzendu dutela kongresua belaunaldi historikoa deitutako agintariek —Raul Castro presidentea 2018an da kargua uztekoa—.
Mila ordezkari batu dira Habanan, eta, besteak beste, 2011ko azken kongresuan adostutako neurriak izan dituzte mintzagai: denen gainetik, ekonomia sozialista "gaurkotzeko" erabakitako ardatzak.
Dena dela, orduko hartan markatutako 313 helburuetatik %21 jarri dira martxan azken bost urteetan, PCC alderdiaren Granma kazetaren arabera. Zaila da asmatzea, halere, gainontzeko eztabaida gaiak, orain arte hermetismoa izan baita nagusi. Ez da beti horrela izan; Granma-k informatu duenez, 2011ko kongresuaren aurreko hiru hilabeteetan 163.000 batzar egin zituzten alderdi komunistaren kide gazteek.