Katalunia

Raxoik itun fiskala baztertu duela esan du Masek, eta erabakiak hartzeko "gogoeta" egitera deitu du

Artur Masek ohartarazi du negoziaziorako tarterik ez diola utzi Mariano Raxoik, eta, beraz, "datozen egunotan" erabakiak hartu beharko dituztela. Masek nabarmendu du "aukera historiko bat" galdu duela Espainiak: "Kataluniak ezin dio uko egin bere etorkizuna eraikitzeari. Bere buruaz beste egitea eta Kataluniako herriari traizio egitea litzateke hori". Ez du argitu bozetara deituko duen. Raxoik, berriz, ohartarazi du konstituziotik kanpoko edozein neurrik "espainiar guztien onespena" behar duela. Arratsaldean lau mila lagunek harrera egin diote Masi Bartzelonako Sant Jaume plazan, independentzia oihukatuz.

Berria.info
2012ko irailaren 20a
21:46
Entzun

Ezohiko bilera egn dute Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Mariano Raxoi Espainiakoak. PP eta CiUren arteko harremanak onak izan dira azken urteetan, baina azken boladan okertu egin dira, itun fiskalaren harira. Urruntasunaren adierazgarri, bileraren ondorengo agerraldia Generalitateak Madrilen duen egoitzan egin du Kataluniako presidenteak, ez Moncloan, ohikoa den moduan.

Agerraldi horretan, bileraren xehetasunak eman ditu Masek. Esaldi bakarrean laburbildu du gertatutakoa: "Gauzak ez dira ongi joan". Adierazi du Mariano Raxoik ateak erabat itxi dizkiola itun fiskalari luze gabe nahiz luzera begira, eta, hortaz, itun fiskalaren ibilbidea amaitutzat jo du. Horren aurrean, "gogoeta lasaia" egiteko eskatu du, "inprobisazioz" ez jokatzeko, eta gogorarazi du politika orokorreko eztabaida izango dutela Kataluniako Parlamentuan. Gaur, behinik behin, Masek ez du argitu bozetara deitzeko asmorik duen.

Edonola ere, Masek ohartarazi du Kataluniak ez diola uko egingo bere etorkizuna eraikitzeari: "Bere buruaz beste egitea eta Kataluniako herriari traizio egitea litzateke hori". Gainera, "aukera historiko bat" galdu izana egotzi dio Raxoiri. Espainiako Konstituzioak independentzia prozesu bati jartzen dizkion mugez galdetuta, hauxe esan du Masek: "Konstituzio bat dago, baina ez dute inoiz era zertxobait irekiagoan irakurri nahi izan. Konstituzioak, ez badira garaietara moldatzen, ez dute herrien borondatea baliogabetzen".

Kataluniari "betikoa" eskaini izana leporatu dio Raxoiri, eta ohartarazi du hori ez dela nahikoa: "Etsita eta goibel atera naiz bileratik, Kataluniatik akordio bat lortzeko borondatea baitzegoen". Masen esanetan, bileran ez dute hitz egin Espainiako erregearen eskutitzaz, baina agerraldian erantzun dio Masek erregeari: "Konstituzioa batere moldatu gabe Katalunia Espainian eroso sentituko dela pentsatzea da ameskeria bat".

Raxoik komunikatu baten bidez eman du erantzuna. Esan du erkidegoen finantzazio arazoak konstituzioak ezarritako neurrien bidez konpondu behar direla, eta konstituzioa ezbaian jartzen duten beste neurri batzuek "espainiar guztien onespena" behar dutela.

Gaurko bilerara Kataluniako Parlamentuak onartutako itun fiskalaren berri ematera joan da Artur Mas Generalitateko presidentea. Mas ez da negoziatzera joan, legebiltzarrak ez baitio baimenik eman itun fiskala murrizteko. Alegia, 135 legebiltzarkideen botoetatik, 83 izan ditu alde proposamenak. Beraz, parlamentuan ordezkaturik dauden katalan gehienek erabakitakoaren berri emango dio, baina ez du negoziatuko Raxoik ustez eskain diezaiokeen hobekuntza.

Horregatik bakarrik, eta batez ere giroa nola dagoen ikusita, ondorio agerikoak izango ditu gaurko bilerak, nahiz eta ez dagoen jakiterik zer bidetik joko duten gertaerek, batez ere joan den irailaren 11ko manifestazioaz geroztik oso azkar gertatzen ari baitira gauzak. Josep Antoni Duran i Lleida CiUren Espainiako Kongresuko bozeramailearentzat “egun historikoa” izango da gaurkoa, dena gaizki aterata ere. Dena den, bileraren ostean Masek hauteskundeetara deituko zuela zabaldu zen arren, hori ezeztatu egin du Duran i Lleidak: “Ez dago horri buruzko erabakirik; egon daiteke, ez dut ezetz esango, baina gaur ez du iragarriko hauteskundeak aurreratuko dituela”.

Masek orain dela zenbait aste eskatu zuen bilera egiteko, Kataluniak Espainiari dirua emateko moduaz hitz egiteko. Generalitateko azterketa baten arabera, asko eman eta gutxi jasotzen du Kataluniak. Itun fiskala aldatu nahi du Kataluniak, baina Raxoik iragarri du ez duela aldatuko.

Hego Euskal Herrian indarrean dagoen kontzertu ekonomikoaren antzeko sistema nahi du CiUk Katalunian, eta hori, arazoa baino gehiago, konponbide gisara aurkeztuko dio, Katalunia Espainian jartzeko.

Arratsaldean lau mila lagunek harrera egin diote Masi Bartzelonako Sant Jaume plazan

Lau mila lagun inguruk arratsaldean harrera egin diote Masi Bartzelonan, Sant Jaume plazan, ANC Biltzar Nazional Katalanak deituta. Mas zazpiak baino pixka bat lehenago heldu da plazara, Generalitatearen jauregira, eta Sant Jaumen bilduta zirenek Independentzia oihuak egin dituzte oroz gain.

Ventura Pons eta Isona Passola kultur arloko kideak, Jaume Sobreques, Salvador Cardus eta Xavier Rubert de Ventos intelektualak, Muriel Cassals Omnium Culturaleko presidentea eta Josep Maria Vila d'Abadal independentziaren aldeko udalen elkarteko burua zeuden, besteren artean.

Kataluniako ereserkia jarri dute.

Diada, atzean

Itun fiskalaz gain, irailaren 11ko Bartzelonako erakustaldi independentista ere hizpide izango dute bi agintariek. Raxoik atzo Espainiaren banaezintasunaren printzipioari eutsi zion, bezperan Espainiako errege Juan Carlos Borboikoak egin bezala. 1978ko Konstituzioan dago katalanen eskaerentzako erantzuna, Raxoiren arabera, eta "Konstituzioa aplikatu" besterik ez du egingo: Konstituzioaren 2. artikulua, alegia, zeinak "Espainiaren batasun hautsiezina" aipatzen duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.