Ekainean emana zuen azken hitzaldia Katalunian, Sitgesen. Espainiaren eta Kataluniaren arteko itun fiskala ukiezina zela azpimarratu zuen orduan. Irailaren 11ko Bartzelonako manifestazio historikoa etorri zen gero, independentziaren aldeko jendetza harekin. Eta Kataluniako presidente Artur Masen bisita Moncloara, irailaren 20an, ukiezintzat joa zuen itun fiskalari buruz hitz egiteko. Hainbeste gauza gertatu dira ordutik, urrutiko ezaguna zirudien Raxoik atzo, Bartzelonara heldu zenean. Popularren Udalen Biltzarra ixtera joan zen, azaroaren 25eko hauteskundeetarako Kataluniako PPren hautagai Alicia Sanchez-Camacho babestera. Eta ezin katalanen independentzia aldarrikapena aipatu gabe utzi.
«Elkarrizketa eta adiskidetasun proiektu bat eskaintzera etorri naiz», iragarri zuen Espainiako presidenteak Bartzelonako Kongresu Jauregian. Katalan independentistei «kixotekeria» egotzi zien segidan, «hordagoka» gizartea «inora bidean» sartzeagatik. «Hitz egiteko, eztabaidatzeko, entzuteko eta negoziatzeko prest nago», erantsi zuen Raxoik. Mas ez bezala, nabarmendu zuenez, Moncloara itun fiskalari buruz hitz egitera joan zitzaionekoa gogora ekarriz: «Oso zaila da 'edo dena edo ezer ez' inposatzera datorkizunarekin hitz egitea».
Masen «amore ematea»
Masek krisiaren aurrean «amore» eman eta bere ardurei «uko» egin die, Raxoiren iritziz. Horregatik aurreratu ei ditu hauteskundeak, boz gehiago lortzearren «errua beste batzuei botaz eta etsaiak asmatuz», noiz eta Kataluniak konponbide behar «larriena» daukanean. Espainiako Gobernuaren baimenik gabe bada ere Katalunian erreferenduma egiteko aukerari buruz, «oso tristea» da bere burua gizartearen zerbitzura dagoela dioen batek «legearen gainetik pasatuko dela aldarrikatzea», PPkoaren aburuz. Legea betetzekotan da Raxoi: «Hori delako nire betebeharra Gobernuko presidente eta demokrata gisa».
Zenbait politikariren «txolinkeria eta arinkeria» negargarriak dira Espainiako gobernuburuarentzat. «Mugarik gabeko Europa batean beste muga bat altxatzea ez da batere bideragarria».
Raxoi hitzaldia hastekoa zenean, Gironan azoka bat inauguratzen ari zen Artur Mas Kataluniako presidentea. «Azaroaren 25etik aurrera Kataluniako herriaren borondatea entzun eta errespeta dezatela, hori eskatu behar zaie orain elkarrizketarako gonbita egiten digutenei», adierazi zuen. Halako elkarrizketa mezuak lehenago ez entzun izanagatik penatuta agertu zen.
Raxoik «kixotekeria» egotzi die katalan independentistei
Espainiako presidentea Katalunian izan da, eta erreferendumari buruzko legea «bete» egingo duela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu