Galiziako Legebiltzarrerako Hauteskundeak

Raxoiren neurriek ez dute oztopatu Feijook gehiengo osoa sendotzea

PPk beste lau urtez nahierara gobernatzen jarraituko du Galizian, eta PSGko sozialistek oso emaitza txarrak lortu dituzteXose Manuel Beirasen AGE koalizio berriak BNGk baino eserleku gehiago eskuratu ditu

Raxoiren neurriek ez dute oztopatu Feijook gehiengo osoa sendotzea.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Galizian ez dago modurik PPri boterea kentzeko. Atzoko emaitzek erakusten dute Espainiako Gobernuak egindako erreformek edota erreskate mehatxuek ez dituztela galiziarrak haserretu, nahiz eta Galizia laborategi moduko bat izan den Mariano Raxoiren gobernuaren murrizketen zerbitzura. Kosta egiten da ulertzen ere, besteak beste, Prestige auzia argitzeko prozesu hasi berriak nola egin diezaiokeen mesede kalte baino gehiago, edota ez dion eragin. Abstentzioaren igoera batez ere PPren kalterako izango zela ere agertu dute inkestek azkenera arte —CISek egindakoak ere bai—, etxean geratuko zirela haren boto emaile fideletako batzuk, baina ez. Azkenean mezu hori ere haren aldekoa izan da, eta ez dira horrenbeste etxean geratu, abstentzioa %36,23 izan baita—2009an%35,57 izan zen—. Gehiengo osoa mantendu ez eziksendotu ere egin du PPGk.

Boto kopuruan bi puntu jaitsi arren, A Coruñatik, Lugotik, eta Ourensetik eserleku bat gehiago atera ditu eta Pontevedran emaitza berdindu du. Mariano Raxoik arnasa hartu du, Galiziak PPren gotorlekua izaten jarraituko duelako, datorren legealdian bai behintzat.

Espainiako presidentearengandik aldenduz egin du kanpaina, berriz, Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidenteak, eta ongi atera zaio.Galizia autonomietan autonomoena balitz bezala aurkeztu du, enplegu gehien galdu duen herrialdea izanda ere, defizita hobekien kudeatzen jakin duen gobernua dela nabarmenduz —400 milioi euroko defizita datorren urterako utzi izana leporatzen diote Feijoori—, eta gobernuaren buruzagiarekin zerikusirik ez balu bezala egin du kanpaina, etengabe saihesten Raxoiren izena.

Pachi Vazquezek, berriz, gobernu zentraletik aldentzeko Feijooren saiakera nabarmendu nahi izan du sozialistek Espainian duten gainbehera Galizian saihesteko, baina PSGk porrot egin du, zazpi diputatu galdu baititu 25etik.

Galiziako alderdiaren baitan dauden arazoak eta Espainiako Gobernua galdu ostean PSOEk duen noraeza islatu dira. Alfredo Perez Rubalcabak inoiz baino bisita gehiago egin ditu Galiziara, han jarriz alderdia altxatzeko itxaropena, baina PSOEk presidentegaiaren egitekoa ere aztertu beharko du Galiziako hauteskundeen balorazioa egiten duenean. PSGren boto asko Xose Manuel Beirasen AGE Alternativa Galega de Esquerda koalizio berrira joan dira—atzoko ezustekorik handiena izan da Beirasena—.

A Coruñan jasan du PSGk porrotik handiena, tradizionalki bere aldekoen izan duen probintzian. 2009an lortutako zortzi eserlekuetatik hiru galdu ditu. Lugon, berriz, bostetik lau geratu zaizkio; Ourensen bostetik lau, eta Pontevedran zazpitik bost.

Gorabeherak

Patxi Lopezek Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen data eman eta sei egunera egin zuen gauza bera Nuñez Feijook. Harrez gero, Galiziako alderdi sozialistan eta popularrean izan dira batak besteari leporatzeko eskandaluak. PSGn Pokemon operazioak eragin handia izan zuen, PPGn baino gehiago, nahiz eta bi alderdietakoak ziren atxilotuak—BNGkoak ere bai—.

Ourenseko alkate Francisco Rodriguez sozialista atxilotu zuten, eta Boqueixongo alkate Adolfo Gaciopopularra, baina Feijoorentzat hiriburu bateko alkateak iruzur egitea askoz ere larriagoa zen herrixka batekoak egitea baino, behin eta berriz errepikatu duenez, eta Rodriguezek dimisioa emateko jarri zituen oztopoetan—eman zuen azkenean— zentratu zuen astebetez kanpaina, arazoa desbideratuz.

Baina azken txanpan Fragaren kontseilari izandako Jose Antonio Orzasek Consello de Contasen bidez ateratako txostenak hauteskundeetan zer edo zer eragin zezakeela-eta itxaropenari eusteko balio izan zien sozialistei. Txostenaren arabera, 2010eko 400 milioi euroko defizita 2011ra bideratu zuen PPGk, baina horrek ere ez dio PSGri balio izan PPren indarra ahultzeko. Beirasen koalizioak atera dio etekina batez ere iruzur salaketari.

Irregulartasun salaketak

Irregulartasun salaketak ere izan dira hauteskunde egunean. Xose Manuel Beirasen AGEk «joko zikina» eta «jauntxokeria praktikak» egotzi dizkio PPri. Salaketa larrienak zaharren erabilerarekin zerikusia dute. Ourenseko Raira herrian, adibidez, AGEk dio 300 zahar eraman dituztela Xuntaren autobusetan. AGEren arabera, horietako askok alzheimerra zuten, «haien izena zein zen ere ez jakiteraino». «Erlijio jendeak» gurpildun aulkietan lagundu dituela dio.

Ourenseko Ramiras eta O Carbalinho herrietan ere gauza bera salatu dute. O Carbalinho, PSGko Pachi Vazquez hautagaiaren herria da. PSGren arabera, moja batek eta PPko kide batek furgoneta batean gutxienez 30 zahar eraman dituzte. Lugo hiriburuan, AGEk salatu du PPko zinegotzi ohi bat eta probintziako PPko buru ohia ibili direla «zaharrak garraiatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.