Rick Santorumek utzi egin du AEBetako errepublikanoen lehia

«Familiagatik» hartu du erabakia; herrialdeari «esperantza bueltatu izana» eskertu die bere jarraitzaileei

Erredakzioa
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Rick Santorum AEBetako presidentetzarako Alderdi Errepublikanoko primarioetako hautagaiak bertan behera utzi du bere hautagaitza. Pensilvaniako Gettysburg hirian eman du albistea, prentsaurrekoan, senidez inguratuta. Hain zuzen ere, kanpaina uzteko arrazoiak familiari lotutakoak direla azaldu du Santorumek.

«Presidentetzarako kanpaina hau bukatu da, baina gure printzipioen alde borrokan jarraituko dugu», azaldu du jendaurrean Santorumek. Joan den asteburuan hartu zuen erabakia, familiarekin batera. «Egun batzuk egin ditut nire alaba gaixoa zaintzen, eta otoitz egiteko eta hausnartzeko astia izan dut, eta nire familiarekin batera erabaki dut garrantzitsuena ahalik eta aita onena izatea dela». Trisomia 18 izeneko gaixotasun larria du Isabella hiru urteko alabak, eta pneumoniak jota egon da ospitalean. Gaixotasun genetiko horrekgarapenean eragiten du, eta, normalean, astebeteko bizi-itxaropena izaten dute gaixoa daukatenek. Alabak senda-agiria jaso ostean hartu du erabakia Santorumek.

Deia Romneyri

Santorum 53 urteko pensilvaniarra Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohiaren atzetik egon da errepublikanoen arteko lehian. Alderdiaren korronterik kontserbadoreena ordezkatzen du Santorumek, eta gogor egin du kanpaina Romneyren kontra, moderatuegia dela nabarmenduz behin eta berriz. Hala ere, atzo telefonoz deitu zion presidentetzarako hautagai faboritoari, bere eskura dagoen «laguntza guztia» eskaintzeko.

Orain arte egindako primario eta caucus-etan 648 ordezkari lortu ditu Romneyk eta 264, berriz, Santorumek. Bigarren joan arren, beraz, alde nabarmena atera dio Massachusettseko gobernadore ohiak. Atzerago, Newt Gingrich eta Ron Paul hautagaiak daude, 137 eta 71 ordezkarirekin hurrenez hurren. Santorumen agurraren ostean, hortaz, Romney da errepublikanoen norgehiagoka irabazi eta datorren urriaren 6ko presidentetzarako hauteskundeetan Barack Obama egungo presidente eta demokraten hautagaiaren kontra lehiatzeko faborito nagusia.

Kanpainako azken prentsaurrekoan bere jarraitzaileen babesa eskertu du Santorumek. Haren esanetan, euren lanak «esperantza bueltatu dio herrialdeari», familiaren, fedearen eta askatasun indibidualaren balio tradizionalak berreskuratu dituztelako. Orain, ikusteko dago nork ordezkatuko dituen ultrakontserbadoreak kanpainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.